Hizkuntzak
Juan Antonio Anteroren 'Begi urdin bat' liburua aurkeztu da
Gaur goizean, Begi urdin bat. Hungariar Kaldereroen historia eta jatorria Donostian liburua aurkeztu da prentsaurrean. Liburua, Juan Antonio Antero Aranzamendik idazle donostiarrak idatzi du. Edizio elebiduna da, euskaraz eta gazteleraz, eta Donostia Kulturaren babesa du.
Aurkezpena eta salmenta
Juan Antonio Antero Aranzamendik berak aurkeztuko du liburua ostegunean, otsailaren 5ean, 19:00etan, Donostiako Udaleko Osoko Bilkuren Aretoan egingo den jendaurreko ekitaldian. Bertan, egilearen azalpenez gain ikus-entzunezko materialaz lagunduta, Victoriano Iraolari omenaldia egingo zaio Axular Dantza Taldeak bere omenez prestatutako zortziko berri baten bidez.
Liburua salgai egongo da hurrengo egunetan Donostiako hainbat liburudendatan 25 euroko prezioan. Gainera, Donostia Kulturako liburutegietan kontsultatzeko edota maileguan hartzeko aukera egongo da.
Edukia
Liburua elebitan (euskaraz eta gaztelaniaz) argitaratu da, eta irakurleak Hungariako kaldereroen konpoartsaren bilakaerari buruzko hainbat pasarte irakurtzeko aukera izango du, 1884.urtean sortu zenetik, aurretik 1828.urtean desfilatu zuen beste konpartsa baten kontakizuna ezagutzeko aukera emanaz, eta 1955etik 2005era egondako konpartsa kopurua laburbilduz.
Liburua idaztearekin bat Juan Antonio Antero Aranzamendik omenaldia egin nahi izan dio Victoriano Iraolari, kaldereroen konpartsarentzat euskaraz idatzitako bertsoen 140.urteurrenean betetzen denean (1886-2026). Halaber, liburuak gizartearen bilakaera eta horrek kaldereroen konpartsan nolako eragina izan duen eta aldaketei nola aurre egin dien jasotzen du, eta horrekin batera hainbat partitura zahar ezagutzeko aukera ematen du.
Erantzun argirik gabeko galderei erantzuten saiatzen da, besteak beste, nortzuk ziren kalderero horiek? Nondik iristen ziren eta non finkatzen ziren? Zer bide erabiltzen zituzten? Benetan Hungariakoak ziren?
Donostia Kulturaren babesa
Sortzaileei laguntzeko ildoari jarraituz, Donostia Kulturak beste liburu batzuen edizioa babestu du. Horien artean daude: Donostia / San Sebastián postalez postal - postal a postal (2025), Gráficas Mitxelenarena; Catalina de Erauso: pasioa eta loria - pasión y gloria (2025), Álvaro Bermejo eta Joseba Urretabizkaiarena; Atotxa-Egia, Kike Otaegirena (2024), Elbira Zipitria Andereñoa Antton Kazabon eta Jokin Mitxelena egileena; 2023an, Igeldoko historia eta istorioak, Jabier Iraola Gabilondorena; 2022an, Morlans denboran zehar - Morlans a través del tiempo, Claudio Artesano Garicanorena; eta 2020an, Burnizko potoa, Jokin Mitxelena eta Antton Kazabonen liburua. Kasu guztietan, Donostiarekin lotura duten proposamenak izan dira.
