Web mapa
Hizkuntzak

Jabier Iraola Gabilondok idatzitako eta bere lan taldeak atondutako Igeldoko historia eta istorioak liburua aurkeztu da gaur eguerdian, ekainak 20. Beste aurkezpen bat egingo da Igeldoko plazan ekainaren 25ean, 11:30ean.

Igeldoko historia eta istorioak

Igeldoko historia eta istorioak liburuak mila argazki eta herritarren hamaika bizipen eta istorio zahar biltzen ditu.

560 orrialdeko argitalpenak bi zati ditu: lehen zatian, Igeldoko 119 etxe, baserri eta bertan bizi izandako familiei buruzko informazioa bildu da; bigarrenean, beste zenbait gai ageri dira: arrokak, eskola, gerra, harrobiak, iturriak, jai giroa, kirolak, ondarea eta beste hamaika kontu.

Liburuaren ekarpen handienetakoa memoria historikoa berreskuratzea da. “Gerra eta soldaduska” izeneko atalean 1.936ko gerra zibilak Igeldon eragindako sufrimendua azaltzen da.

Duela 5 bat urte hasi zen Jabier Iraola baserrien argazki zaharrak biltzen. Igeldoko baserriak galtzen ari zirela ikusita, argazkiak jasotzen hasi zen etxez etxe. Etxeetako argazkiez gain, familia-argazkiak eta aspaldiko usadioei buruzkoak ere eskuratu zituen. Ahozko ondarean oinarritutako liburua da, igeldoarrek kontatutako bizipen eta istorioak baitira liburuaren ardatza. 

Igeldoko Herri Kontseiluak euskaraz argitaratu du liburua Donostia Kulturak lagunduta eta salgai dago Donostiako liburu-dendetan 40eurotan.