Web mapa
Hizkuntzak

Donostia Kulturako Liburutegien Zerbitzuaren laguntzaz, Denonartean argitaletxeak plazaratu du Antton Kazabon idazleak eta Jokin Mitxelena ilustratzaileak sortutako Elbira Zipitria andereñoa album ilustratua. Bere lana nagusiki Donostiako hirian garatu zuen Elbira Zipitriari aitortza egin eta haurrei ezagutarazten laguntzea du xede argitalpenak. 

Elbira Zipitira andereñoa liburuaren aurkezpena

Koloretan argitaratua, 36 orrialde dituen eta azal gogorra duen liburuaren 800 aleko tirada egin da. Donostia Kulturako liburutegien haur sail guztietan egongo da eskuragarri, eta ikastetxeetara iritsiko da Liburuka programaren bidez. Liburu dendetan erosi ahal izango da 15 euroren truke.

Sortzaileei laguntzeko ildoari jarraituz, aurreko urteetan Donostia Kulturak beste liburu batzuen edizioa babestu du. Hain zuzen ere, 2023an, Igeldoko historia eta istorioak, Jabier Iraola Gabilondorena; 2022an, Morlans denboran zehar = Morlans a través del tiempo, Claudio Artesano Garicanorena; eta 2020an, Burnizko potoa, Jokin Mitxelena eta Antton Kazabonen liburua. Kasu guztietan, Donostiarekin lotura duten proposamenak izan dira.

Elbira Zipitria

Elbira Zipitria Zumaian jaio zen 1906an, baina, aitaren lanarengatik, Donostiara etorri zen bizitzera oso gazte zela. Alde Zaharreko Fermin Calbeton kaleko 26an zuten etxea.

Elbira euskaltzale amorratua izan zen, beste gauza askoren artean. Gerraosteko lehenengo ikastola ezkutuan jarri zuen martxan, pedagogia aurrerakoiak erabiliz eta neska-mutilak elkarrekin ikasgela berean heziz, berdintasunean eta euskara hutsean. Irakasle berriak prestatu zituen, eta ilunabarretan gau-eskolan gurasoak euskalduntzen eta alfabetatzen zituen.

Irakasle ikasketak egin ondoren, 22 urterekin hasi zen lanean, Koruko Andre Mariaren ikastetxean. Berrehun bat neska-mutil zebiltzan bertan eta denak euskaraz eskolatzen zituzten. 1936an, ordea, ihes egin behar izan zuen Iparraldera, beste euskaldun abertzale eta euskaltzale askorekin batera. Han ere euskarazko eskolak ematen jarraitu zuen Elbirak: Azkainen, Ziburun, Donibane Lohizunen eta Saran. Urte horietan irakaskuntzako bide berriak ikasten eta aztertzen ere jarraitu zuen.

1942an Donostiara itzulitakoan, oso aldatuta zegoen guztia. Egoera txarra aurkitu zuen: euskara debekatua, irakaskuntza derrigorrez espainiera hutsean eta hezkuntza sistema atzerakoia. Zigortua egon arren, haurrak euskaraz eskolatzen aritu zen hainbat etxebizitzatan, azkenean bere etxeko salan ikasgela sortu zuen arte, Fermin Calbeton kaleko 26an. Hura kontsideratu daiteke gerraosteko lehenengo ikastola.

Garai hartako irakasle berri askok, Elbirarekin egiten zituzten urtebeteko praktikak ikastola txiki hartan, irakaskuntzako bide berrien jabe egiteko.

Horrela aritu zen Elbira inguruan ikastola berriak sortzen, hauek legeztatzen joan ziren arte. Tolosan, Pasaian, Lazkaon, Bilbon, Oiartzunen, Hernanin, Lasarten, Añorgan… Eta Donostian bertan ere lan asko egin zuen Orixe ikastolaren sorreran.