Web mapa
Hizkuntzak

Liburutegiak

Poesialdia egitarauaren baitan, gaur, martxoak 21, idazle gazteei zuzendutako Donostia Kultura Poesia Lehiaketaren zortzigarren edizioaren sari banaketa egin da Udal Liburutegi Nagusiko Mandasko Dukearen aretoan. Aurtengo saritua Sara Uribe-Etxeberria (Zumaia, 2005) da, Kuntzak eta kerak obragatik.

Ezker eskuin: Aritz Gorrotxategi, Sara Uribe-Etxeberria Atxurra eta Arantza Urkia
Jon Urbe (Foku) Donostia Kulturarentzat

Sara Uribe-Etxeberria Atxurra

20 urte dituen idazle gaztea Zuzenbide ikasketak egiten ari da Euskal Herriko Unibertsitatean (UPV/EHU). Bestalde, 2022 urtean R.M. Azkue Literatura Sarietan, poesia arloan, lehen saria irabazi zuen. 2022 eta 2023 urteetan Urruzuno Literatur Lehiaketan poesia arloan saritua izan zen. Hauxe izango da argitaratzen duen lehen literatura lana.

Hona hemen epaimahaiaren balorazioa (Itxaro Borda, Aritz Gorrotxategi eta Eli Tolaretxipi):

“Mundu eta atmosfera propioa dauka liburuak, poesiaren eta zientziaren arteko bidegurutze moduko bat. Lirikotasun landuz egiten du bidea, irudi eta gogoeta iradokigarriz betea. Hizkuntza aldetik, ezohiko heldutasuna eta batasuna dauka tonuari eta egiturari dagokionez. Erreferentzia askotarikoak baliatzen ditu, hurbilak zein urrutikoak, arruntagoak zein jasoagoak. Askotariko gaiak agertzen dira liburuan zehar: poesiari buruzko gogoetak, belaunaldi kontuak, mina, kezka sozialak, giza izaerari buruzko gogoetak... Era berean, originaltasuna eta arriskua bilatzen du poemak josteko orduan”.

Aurtengo edizioan oso maila altua egon da. Lan irabazle bat aukeratu da, baina oso gertu egon da beste lan hau ere: Limoi ura zaurietan.

Poesia lehiaketa honen sari ekonomikoa 1000 eurokoa da; horretaz gain, Imanol Larrinagaren margolan bat oparitu zaio eta Balea Zuria argitaletxeak aipatutako poemarioa plazaratuko du. Azkenik, ekainean egingo den Poesia eta Pentsamendua saioan poemak errezitatu ahal izango ditu.

Poesia lehiaketa hau, Donostia Kultura eta Balea Zuria argitaletxeak elkarlanean burutua, euskarazko poesia zabaldu eta 35 urte bete gabe dituzten idazleen lanari bultzada emateko asmoz sortua izan zen.

Informazio gehiago: Donostia Kultura Poesia Lehiaketa.