Web mapa
Hizkuntzak

Liburutegiak

Donostia Kultura VI. Poesia Sariko argitalpena aurkeztu da gaur goizean, maiatzak 24, Julen Apella Santamariaren Postal bat desertuan.

Julen Apella Santamaria

Aurkeztu den liburua Julen Apella Santamariaren lehenengoa da eta honekin eskuratu du, hain zuzen ere, Donostia Kultura Poesia Lehiaketako VI. sari nagusia. Berrizen jaioa 1998an, Euskal ikasketetan graduatua da Euskal Herriko Unibertsitatean (UPV/EHU), eta Literatura Konparatua eta Literatur Ikasketak masterrak egin zituen unibertsitate berean. Gaur egun euskara irakasle gisa ari da lanean.

Epaimahaikideek balorazio hau egin zuten saria ematerakoan: “Ahots gazte baino sendo bat dago liburuaren atzetik, erreferentzia eta eragin ugari erakusten duena. Trebeki uztartzen ditu metaliteratura eta kritika soziala, hizkera landuz eta irudi iradokigarriak erabiliz, gogoetari bideak irekiz. Belaunaldi baten ahots gisa ere altxatzen da, baina aldarrikapena eta munduari modu kritikoan begiratzeko jarrera lirismoz lantzen du. Poema askotan bat egiten dute egunerokotasunaren ajeek eta paisaiak, eta liburuari osotasuna ematen dioten zenbait osagai baliatzen ditu: zapatak, oinak, bidea, hegoak, mugimendua, denbora, erlojuak”.

Egilea zuzenean ikusteko aukera izango dugu ekainaren 13an, iluntzeko 19:00etan, Victoria Eugenia Cluben egingo den 2023ko Poesia eta Pentsamendua programako errezitalean.

Poesia zabaldu eta idazle gazteen lanari bultzada emateko bokazioarekin sortu zuten Balea Zuria argitaletxeak eta Donostia Kulturak DK Poesia Lehiaketa (aurreko edizioetako informazioa duzue loturan).