Hizkuntzak
Izaskun Igoak irabazi du Donostia Kultura V. Poesia Lehiaketa
Poesialdia egitarauaren baitan, gaur, martxoak 21, idazle gazteei zuzendutako Donostia Kultura Poesia Lehiaketaren bosgarren edizioaren sari banaketa egin da Udal Liburutegi Nagusiko Mandasko Dukearen aretoan. Aurtengo saritua Izaskun Igoa Jaimerena (Ziga, Baztan, 1995) da Hotza bazkatzen lanagatik.
2020an, idazle gazteak aipamen berezia lortu zuen poesian Lurra zango zolaren gainean lanarekin, Iruñeko Udalak antolatutako Egile Berrientzako XXX. Euskarazko Literatur Lehiaketan. 2019az geroztik Ttipi Ttapa aldizkarian aritzen da kolaboratzaile gisa.
Epaimahaikideen arabera, Hotza bazkatzen lanak kontzientzia eta izatea ditu ardatz. Gorputzari uko egin gabe, haragoko kezka eta gogoetetan sakontzeko gaitasuna erakusten duela azpimarratu dute, orekari eutsiz eta hunkigarri izanez. Sen poetikoa eta egileak han-hemenka, omenaldi modura, erabili dituen erreferentziak ere nabarmendu dituzte.
Poesia lehiaketa honen sari ekonomikoa 1000 € dira, horretaz gain Imanol Larrinagaren margolan bat oparitu zaio eta Balea Zuria argitaletxeak saritutako idazlana argitaratuko dio. Azkenik, ekainean egingo den Poesia eta Pentsamendua saioan sarituak bere poemak errezitatu ahal izango ditu.
Poesia zabaldu eta idazle gazteen lanari bultzada emateko bokazioarekin sortu zuten Balea Zuria argitaletxeak eta Donostia Kulturak Donostia Kultura Poesia Lehiaketa. 2018an, saria Esti Martinez Diaz de Ceriok irabazi zuen Azalberritze bat lanarekin. Bigarrena 2019an egin zen eta Gorka Salces Alcaldek eskuratu zuen saria Iraganaren izterrak obrarekin; finalista izandako Elena Olave Duñabeitiak Zeldak poema-liburua kaleratu zuen geroago. 2020an, Lizar Begoña Madariagak lortu zuen Aro beilegia poema liburuarekin Donostia Kultura III. Poesia Lehiaketaren saria. Iaz, 2021ean, Maialen Berasategi Catalanek lortu zuen saria Eskuan beti zerbait lanagatik, eta finalista gelditu zen Mikel Arruabarrena Larrarteren Kardaberak zementuan liburua ere argitaratu zen.
Informazio gehiago: Izaskun Igoaren liburu aurkezpena (2022ko maiatza).