Web mapa
Hizkuntzak

Liburutegiak

Poesialdia egitarauaren baitan, gaur, martxoak 21, idazle gazteei zuzendutako Donostia Kultura Poesia Lehiaketaren zazpigarren edizioaren sari banaketa egin da Udal Liburutegi Nagusiko Mandasko Dukearen aretoan. Aurtengo saritua  Beñat Arruti Irigoien (Zaratuz, 1999) da, Arkeologia haragitan obragatik.

Beñat Arruti eta Arantza Urkia
Iñaki Rubio

Beñat Arruti Irigoien

Euskal Herriko Unibertsitatean (UPV/EHU) burutu zituen Psikologia ikasketak, Bartzelonara Ikerketa eta Esku-hartze Psikosozialeko Masterra egitera joan aurretik. Egun, adimen urritasuna duten pertsonekin ari da lanean, Zarauzko eguneko zentro batean. Hauxe izango da argitaratzen duen lehen literatura lana.

Hona hemen epaimahaiaren balorazioa (Eli Tolaretxipi, Itxaro Borda eta Aritz Gorrotxategi):

“Aipuz eta irakurketaz ondo hornitua dator, eta trebeki uztartzen du gogoeta eta hizkuntzaren distira. Berezko erritmo eta musika darie poemei, aisa irristatzen dira irakurlearen belarrietan, eta lan handia dago doitze horren atzetik. Lan orekatua eta koherentea da oro har, estilo eta tonu aldetik batasun handikoa. Ezleku kontzeptua lantzen du hainbat poematan, gainbehera eta maitasuna, poesiari eta hizkuntzari buruzko kezkak… Askotariko paisaia eta giroak uztartzen doa, barnekoak zein kanpokoak, naturaren ingurukoak zein urbanoak. Hizkera hanpaturik gabe egiten du aurrera, leun baina zorrotz, argitasunez, eta, aldi berean, alde ilunen arrakalak bilatuz”.

Aurtengo edizioan oso maila altua egon da. Lan irabazle bat aukeratu da, baina oso gertu egon dira beste bi lan hauek:  Ahizpa beltza eta Hiria, diglosia, bakardadea.

Poesia lehiaketa honen sari ekonomikoa 1000 eurokoa da; horretaz gain Imanol Larrinagaren margolan bat oparitu zaio eta Balea Zuria argitaletxeak aipatutako poemarioa plazaratuko du. Gainera, ekainean egingo den Poesia eta Pentsamendua saioan Julen Apellak bere poemak errezitatu ahal izango ditu.

Informazio gehiago: Donostia Kultura Poesia Lehiaketa.