Hizkuntzak
"Euskadi Fantastikoa 18: Arantza Sestayo" erakusketa irekita Udal Liburutegi Nagusian
Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren 33. Asteko Euskadi Fantastikoa 18: Arantza Sestayo erakusketa irekita egongo da urriak 28tik azaroak 19ra Udal Liburutegi Nagusian (Alderdi Eder).
Ongi etorri erakusketa honetara. Bertan, Arantza Sestayoren fantasia errealistako ilustrazioen unibertso bikaina bisitatuko dugu. Pintura prerrafaelistaren eta Art Nouveauren eraginak jaso dituen artista honen erakusketan zehar haurrentzako klasikoetan oinarritutako fantasiazko ilustrazioetatik –Edurnezuri edo Alizia bezalako pertsonaia ezagunekin– hasi eta A Song of Ice and Fire 2022ko egutegi ofizialerako ilustrazio zoragarrietaraino –Daenerys, Sansa edo Jon Snow pertsonaia karismadunekin– gozatu ahal izango dugu. Bidaian zehar bere unibertso gotikoa ere bisitatuko dugu, bere pertsonaia erromantiko, malenkoniatsu eta sentsualekin.
Arantza Sestayo Donostian jaio zen 1964an. Autodidakta, erretratuaren, zeramika-diseinuaren eta animazio-estudioetako fondoen ekoizpenaren bidetik hasi zuen garatzen bere ibilbide profesionala. Bere obraren erakusgarrietako batzuk hauek dira: Besos malditos, Vampiros edo Reinas de la ilustración española del siglo XXI (Norma Editorial), Rooie Oortjes Belgikan, LeewiART Txinan eta A Song of Ice and Fire (Harper Collins) 2022ko egutegia.
Hainbat sariren artean, Irudimenezko Errealismoan lehenengo saria eman zioten Seven Hearts obragatik, Art Renewal Center 2020an.