Web mapa
Hizkuntzak

Ernest Lluch

Kultur Etxea

Euskarazko formatu txikiko antzerki sorkuntza eta ekoizpena bultzatzeko 2024ko Poltsiko Antzerki Sorkuntza programak baditu dagoeneko irabazleak.

4ever, edo zurekin izan nuen azken ravea, lantaldea

Jasotako proiektuen artean, epaimahaiak lehen saria eman dio F edo zurekin izan nuen azken ravea antzezlanari, eta bigarren saria, Famiglia antzezlanari.

  • F edo zurekin izan nuen azken ravea

    Maite Aizpuruaren zuzendaritzapean, artista desberdinak elkartu dira proiektu honen lantaldean. Hala nola, interpretazioa eta dramaturgia Intza Alkain eta Maite Aizpurua beraren gain daude, eta testua Mejillon Tigre kolektiboarekin landuko dute. Bidelagun izango dira, baita, Matxalen de Pedro eta Edurne Azkarate ere.

    Laguntasunaren gaia ardatz duen ikerketa artistikoa da honakoa, poesia, performanzea eta umorea nahasten dituena. Antzezlanean, aktoreek elkar topatuko dute laguntasunaren omenaldi kritiko bat sortzeko. Sinopsia: Lagunak izatera jolasteko geratu gara. Euforiaren aparretan aurkituko ditugu betirako promesak, adiskidetasun erromantikoa, taldearen apologia, pertenentziaren subidoia. Zaratak utzitako tarteetan zalantzak, galderak eta galerak. Salbuespenezko komunitate bat osatuko dugu, mozorro festa edo fedezko erritualaren erreplika honetan. Zaurgarriak, hauskorrak, lagun efimeroak izango gara, benetakoak eta fikziozkoak aldi berean.

  • Famiglia

    Maider Diaz eta Xabin Fernandezen proposamena den proiektu hau, komedia beltz bat da. Familia arteko harremanak dira protagonista, baina baita belaunaldi arteko diferentziak edo gizarteak ezarritako presioak ere. Herri txiki bateko autobus geltokian Iñaki (40 urteko aita) eta Jone (21 urteko alaba) elkartuko dira, aitona Joxeren urtebetzea da eta zahar etxera doaz bisitan. Autobusaren zain daudela, espero ez duten berri bat jasoko dute, eta ondorioz, elkarrizketak ere espero gabeko bideetara eramango ditu aita-alabak.

Saria

Antzezlanak garatzeko eta ekoizteko, proiektu irabazleak 2.500 euroko ekarpena jasoko du eta finalistak, aldiz, 2.000 eurokoa. Saritutako lanak hurrengo Poltsiko Antzerki Jaialdiaren barruan estreinatzeko eta antzezteko konpromisoa hartuko dute irabazleek eta finalistek. Bakoitzak lau emanaldi egingo ditu, eta horien truke, 3.000 euro jasoko ditu proiektu irabazleak, eta 2.500 euro finalistak.