Web mapa
Hizkuntzak

Ernest Lluch

Kultur Etxea

Irailaren 8an abiatuko dira Donostia Kulturako liburutegi eta kultur etxeetan helduentzako antolatzen diren literatur solasaldiak. Beti ere aditu baten gidaritzapean, normalean hilean behin, hainbat doako saio egiten da aipatu tokietan eta baita hiriko beste leku batzuetan ere. Liburu horiek maileguan eska daitezke Donostiako liburutegietan, eta zenbait kasutan liburuak eLiburutegia plataformatik deskargatzeko aukera egon daiteke.

Literatur solasaldiak

20 solasaldi izango dira guztira, hiri osoko hainbat gunetan banatuta eta lau hizkuntzatan: euskaraz, gaztelaniaz, ingelesez eta frantsesez.

Tertulia bakoitza aditu batek gidatuko du. Euskarazkoetan Iñigo Aranbarri, Yolanda Arrieta, Mari Gartzia, Aritz Gorrotxategi, Igor Leturia, Ane Mayoz, Iratxe Retolaza, Edu Zabala eta Juan Luis Zabala ariko dira dinamizatzaile; gaztelaniazkoetan Lola Arrieta, Ylenia Benito, Ana Merino, Liss Evermore, Javier Mina eta Juan Manuel Díaz de Guereñu; ingelesezkoan Slawka Graboska; eta frantsesezkoan Miren Garmendia.

Zenbait solasaldi elkarteekin elkarlanean antolatzen dira. Esaterako, Ikasbide Kultur Elkartearen egoitzan egiten den solasaldia, edo Plazara Goaz euskara batzordearen laguntzaz antolatutakoa.

Saio batzuetara idazleak gonbidatzen dira. Aurtengo lehenengoa Andrés Neuman izango da. Urriaren 22an, Hasta que empieza a brillar liburuaren inguruan arituko da irakurleekin.

Topaldi batzuetan denetariko testu literarioak jorratzen dira; beste batzuetan, aldiz, gai edo genero bati buruzkoak dira. Esaterako, Aiete Kultur Etxean literatura eta zinemaren arteko lotura izango dute ardatz, eta Intxaurrondon, berriz, komikiari eskainitako saioak egiten dira euskaraz zein gaztelaniaz. Egia Kultur Etxean zientzia-fikziozko tertulia antolatzen da, eta Haur Liburutegi Nagusian haur eta helduentzako saioak daude, komikiez gozatzeko batetik, eta haur literaturan sakontzeko bestetik.

Irakurketa Errazeko taldeek aipamen berezia merezi dute, irakurtzeko zailtasunak dituzten pertsonei zuzenduta baitaude, hainbat arrazoi direla medio. Talde hauek modu iraunkorrean biltzen dira Liburutegi Nagusian (Alderdi Eder), Ernest Lluch (Amara) eta Egia kultur etxeetan. Liburutegiaren arabera, talde hauek euskararen ikaskuntzan zailtasunak dituzten pertsonentzat, gizarte-bazterketa arriskuan dauden kolektiboentzat —Gurutze Gorriarekin lankidetzan—, edo desgaitasuna edo funtzio-aniztasuna duten pertsonentzat, besteak beste, bideratuak izan daitezke.

Jarduera irekiak, doakoak eta parte-hartzaileak dira, eta herritarrei aukera ematen diete literatura inguruan elkartu eta solas egiteko giro hurbil eta aberasgarrian.

Jarduerak literatur solasaldiak loturan emango dira ezagutzera, gutxi gorabehera, hilabete bat lehenago.