Web mapa
Hizkuntzak

Langileen Donostia (1939-1975). Periferia industrialaren garapena frankismo garaian liburua aurkeztu da gaur, azaroak 16, Udal Liburutegi Nagusian. Liburua Jon Aldabaldetreku Delgadok idatzi du, Euskal Herriko Unibertsitatearen argitalpena da eta Donostia Kulturaren babesa jaso du.

'Langileen Donostia (1939-1975)' liburuaren azala

Liburuari buruz

Donostia turismoaren, Belle Époque-aren eta Kontxako badiaren inguruan oinarritutako hiria izan da nagusiki historiografian. Irudi horren atzean, ordea, beste Donostia bat ere bazegoen: fabrika, idortegi, langile-auzo eta badia industrial batek gidatutako hiria hain zuzen. Liburu honek, Donostiaren historia garaikidea bere periferia industrialetik kontatzen du, frankismo garaian Donostialdea eraldatu zuten prozesu ekonomiko, sozial eta urbanistikoak aztertuz.

Ikerketa sakon batean oinarrituta -biztanleria-erroldak, hirigintza-planak, artxibo historikoetako dokumentazioa eta bestelako iturri ugari erabiliz-, lan honek Pasaiako badiaren industrializazioak eskualde osoaren garapenean izan zuen eragina azaltzen du.

Liburuak ilustrazio, mapa, grafiko eta argazkiez lagunduta dator. Dagoeneko liburu dendatan eros daiteke 28 euroko prezioan. Era berean, laster Donostia Kulturako liburutegietan eskuragarri egongo da kontsultarako eta mailegurako.

Kontxako badia atzean utzi eta begirada Pasaiako badiara lekualdatuz, Jon Aldabaldetreku Delgadoren liburu honek Donostiaren inguruko irakurketa berri bat proposatzen du.

Jon Aldabaldetrekuri buruz


Jon Aldabaldetreku Delgado Historia Garaikidean doktorea da Euskal Herriko Unibertsitatean (EHU). Gaur egun unibertsitate bereko Soziologia eta Gizarte Langintza departamenduko irakasle eta ikertzailea da. EHUko “Hiri-historia eta mundu garaikideko kultura politikoak” ikerketa-taldeko kidea da, eta bere ikerketa-ildo nagusiak industrializazio prozesuen ondorioen ikerketan eta langile periferien sorrera eta eboluzioan oinarritzen dira. Besteak beste, industrializazioak eragindako migrazio-uholdeak, lan munduan izandako aldaketak, langile periferietan sortutako langile mugimendua eta protesta soziala zein hiriguneetan gertatutako segregazio sozial eta urbanistikoak aztertzen ditu frankismo garaian. Hainbat artikulu zientifiko, liburu-kapitulu eta dibulgazio lanak argitaratu ditu gai guzti horien inguruan. Langileen Donostia (1939-1975) bere doktoretza tesian oinarritutako lanaren moldaketa da.

Donostia Kulturaren babesa

Sortzaileei laguntzeko konpromisoari eutsiz, Donostia Kulturak azken urteotan Donostiarekin lotura duten hainbat lan babestu ditu. Horien artean daude: Bihotzaren Monumentua Urgull Mendian - Monumento del Sagrado Corazón de Jesús del Monte Urgull, Javier Sada Anguera (2026); Asun Balzola Elorza: koloreekin pentsatzen zuen neskatoa, Yolanda Arrietarena (2026); San Sebastián, postal a postal (1902–1930), Gráficas Michelenarena (2025); Catalina de Erauso: pasioa eta loria - pasión y gloria (2025), Álvaro Bermejo eta Joseba Urretabizkaiarena; Atotxa-Egia (2024),  Kike Otaegirena (2024) eta Elbira Zipitria Andereñoa (2024, Antton Kazabon eta Jokin Mitxelenarena; Igeldoko historia eta istorioak (2023) Jabier Iraola Gabilondorena; Morlans denboran zehar - Morlans a través del tiempo (2022), Claudio Artesano Garicanorena; eta Burnizko potoa (2020) Jokin Mitxelena eta Antton Kazabonen liburua.