Web mapa
Hizkuntzak

Datorren urtarrilaren 17an hasiko da Tabakaleran Nosferatu ziklo berria, Western USA garaikidea 1962-2021, Sam Peckinpah zuzendari duen Ride the High Country (1962) filmaren proiekzioarekin.

Ride the High Country
Ride the High Country (1962)

Zikloa Donostia Kulturak eta Euskadiko Filmategiak antolatua da, Tabakaleraren eta Institut Valencià de Cultura – Filmoteca de la Generalitat Valencianaren lankidetzarekin, eta 2024ko urtarrila eta abendua bitartean garatuko da.

Nosferatuko pantailak western garaikidearen agertoki zabaletara egingo du bidea 2024an. Zikloak eta bere inguruan editatuko diren liburuek 1962 aukeratu dute abiapuntutzat, orduan hasten baita western klasikoaren trantsizioa generoak hartuko dituen bide berrietara. Hala, generoko zinemagile klasikoen azken agurra izango da, tartean John Ford (The Man Who Shot Liberty Valance, 1962), Raoul Walsh (A Distant Trumpet, 1964) edo Howard Hawks (El Dorado, 1966) eta beste batzuk iristen hasiko dira, generoa aldatzera deituak, aitzindari dituztenak Sam Peckinpah (The Wild Bunch, 1969) eta Clint Eastwood (High Plains Drifter, 1973).

Zikloak sei hamarkada zeharkatzen ditu: western krepuskularrak; dirty westernak europar eraginekin; “indarkeriaren belaunaldiko” zinemagileen hurbilketa (Richard Brooks, Don Siegel) edo “Hollywood berria” (Robert Altman, Michael Cimino); generoa biziberritzeko egindako saialdiak 80ko hamarkadan –Silverado (Lawrence Kasdan, 1985)– eta 90ekoan –Dances with Wolves (Kevin Costner, 1990)–; Unforgiven (Clint Eastwood, 1992) filmak publikoaren eta kritikaren artean izandako izugarrizko arrakastak ekarri zuen bultzada… garai hauetara hurbilduta Kelly Reichardt (First Cow, 2019) edo Jane Campion (The Power of the Dog, 2021) zuzendarien lanetaraino.

Urtearen lehen hiruhilekoan programatutako filmak besteak beste zinemagile hauenak dira: John Ford, Henry Hathaway, Robert Mulligan, John Sturges, Richard Brooks, eta Sam Peckinpah bitan –lehen aipatutako eta funtsezko Ride the High Country eta The Wild Bunch–.

Zikloarekin batera bi liburu editatuko dira, bata gaztelaniaz eta bestea euskaraz. Lehena, Western USA 1962-1992, Colección Nosferatuko 20. zk., Carlos Aguilarek eta Pablo Fernándezek koordinatu dute, eta urtearen hasieran kaleratuko da. Bigarrena, Iñigo Marzabalek koordinatua, Nosferatu Bildumako 12. zk., 2024ko amaieran editatuko da.

2024ko zinema-bonoa eta sarreren salmenta

Tabakalerako zine-bonoak erabiltzaileei aukera emango die 2024an zehar pantaila partekatuko erakunde bazkideek programatutako 40 film 120 euroren truke ikusteko: Donostia Kultura, Euskadiko Filmategia, Elías Querejeta Zine-Eskola, Donostia Zinemaldia eta Tabakalera. 2024ko Donostia Zinemaldian programatutako filmetarako ezin izango da erabili.

Aurten ere, bonuaren erosketarekin batera Nosferatu Bildumako bi argitalpenetatik bat eskuratzeko aukera izango da: Polar frantziarra edo Western USA 1962-1992.

Bonua 2023ko abenduaren 15ean eguerdiko 12:00etan ipiniko da salgai eta 2024ko urtarrilaren 31ko 12:00ak arte eskuratu ahal izango da, bai Tabakaleraren webgunean, bai zentroko Informazio Gunean. Halaber, egun eta ordu horretan bertan irekiko da urtarrileko proiekzioei dagozkien sarrera arrunten salmenta.

Bonua 2024ko urtarrilaren 1etik 2024ko abenduaren 31ra arte (biak barne) kontsumitu ahal izango da datorren urteko programazioko sarrerak erosteko, eta bonoari lotutako kudeaketa-operazio guztiak Tabakaleraren webgunean zein zentroko Informazio Gunean egin ahal izango dira: bonua erosi, beste pertsona bati opari gisa bidali, pelikuletarako sarrerak erosi bonoaren deskontuarekin edo eskuragarri dagoen saldoa kontsultatu.

2024ko zinema-bonoarekin eta urtarrilerako aurreikusitako proiekzioekin lotutako informazio guztia Tabakaleraren webgunean kontsultatu ahal izango da.

Lehen hiruhilekoaren programazioa