Hizkuntzak
"Azken partida"ren estreinua Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren 33. Astean
Donostia Kulturak, San Sebastian-Gipuzkoa Film Commissionek eta Donostiako Udaleko Euskara Zerbitzuak bultzatutako ekimena da Oihua! 35 urte arteko sortzaile hasiberrien artean euskaraz filmatzen den fantasiazko generoa indartzeko helburuarekin sortu zen 2019an. Igor Salutregi zinemagilearen gidoia izan da bigarren edizio honen irabazlea: Azken partida proiektua. Otsailetik ibili dira lanean Fantasiazko eta Beldurrezko Astearen lehenengo egunean estreinatuko den laburmetrai honetan.
Azken partidan, Ekhi, 10 urteko haur bat, futbolean jolastera aterako da lagunekin, egunero bezala. Ez da ohiko egun bat, ordea. Neskato misteriotsu baten presentziak bide ezezagun batetik eramango du Ekhi, bere bizitza betirako aldatuz.
Gidoiaren aukeraketako orduan, epaimahaiak honako hau azpimarratu zuen: “istorioak emozionatzeko duen berezko gaitasuna, non sentsibilitatea, umorea, drama soziala eta genero fantastikoa uztartu dituen, erralismo magijoa eta gizakiaren oinarrizko beldurrak landuz”.
9 minutuko iraupena duen laburmetraiak sekulako estreinaldia izango du. Izan ere, Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren 33. Asteari hasiera emango dion Irati (2022) luzemetraiaren aurretik proiektatuko da Antzoki Zaharrean urriaren 28an.
Igor Salutregi, Gernikan jaioa 1988an, Ikus-Entzunezko Komunikazioan lizentziatua da. Kazetari eta gidoilari lanak egin ditu EITBn, EITB Kultura, Baserria, Ene kantak edo 3Txulo saioetan besteak beste. Igorrek ez du inoiz fikziorik egin, eta hau izan da bere lehen proiektua gidoilari eta fikzio-zuzendari lanetan.
Egistasmoaren bultzatzaile diren erakundeengandik 1.2000 euro inguruko aurrekontua jaso duen proiektuak Maider Oleaga zuzendariaren aholkularitza jaso du lan-prozesu osoan eta Larrotxene Bideok bere baliabide tekniko eta pertsonalekin babestu eta lagundu du.
Laburmetraiaren fimaketan 30 pertsonek baino gehiagok parte hartu dute, batzuk ikusentzunezkoen arloko profesionalak eta beste batzuk ikasleak, bana ia denak Larrotxene Bideoko komunitate zabaleko partaideak.
Aipatu laburmetraiako aktore nagusi lanetan haurrak ibili direla eta ondorioz familiekin oso giro berezia sortu dela grabaketan. Besteak beste, kasting, entsegu eta grabaketa lanak oso ondo landu behar izan dira haurren aisialdi uneekin koordinatu ahal izateko.
Egia, Intxaurrondo (Ametzagaina) eta Altzako auzoetan kokatu dira grabaziorako lokalizazioak eta bide horretan ondorengo erakunde eta enpresen laguntzak ere jaso ditu proiektuak: Musikene, Ogeita4, Argilun, SuperAmara eta Binahi.