Web mapa
Hizkuntzak

Lugaritz

Kultur Etxea

Euskarazko formatu txikiko antzerki sorkuntza eta ekoizpena bultzatzeko 2026ko Poltsiko Antzerki Sorkuntza programak baditu dagoeneko irabazleak. Jasotako proiektuen artean, epaimahaiak lehen saria eman dio Taxi antzezlanari, eta bigarren saria Euskal musikarekin, kontuz antzezlanari.

Idoia Garzes eta Mikel Martinez

Taxi

Idoia Garzesek idatzi eta Mikel Martinezek antzeztuko duen lanean protagonista taxista bat da. Berritsua eta jenio bizikoa, aldarte batetik bestera istant batean alda daitekeena, zerotik ehunera azeleragailua sakatuta bere autoa bezala. Bere ofizioaren desbenturak eta kalenturak kontatuko ditu, bere egunerokoa azken finean: hiriko trafikoa, turismoa, bezero-faunarekin izandako pasadizoak... Ofizioaren ajeak aletuko ditu, lanbidea asko aldatu dela, egun taxiak gastuak baino ez dituela ematen... Baina lanbideaz kexu bada ere, maite du ofizioa, baduelako taxiaren aulkiari eta bolanteari estuki lotzen duen motiborik: maitabera da oso. Atzerako ispiluan agertutako edozein begi parek enamoratzen dute, erabat zoratu arte. Hainbestetan aipatuko du "taxiston diskrezio erabatekoa", baina gauzak eskapatuko zaizkio.

Euskal musikarekin, kontuz

Tessa Andonegik eta Ainhoa Aierbek euskal musikari buruzko hausnarketa proposatzen dute bikarrizketa honetan, hau da, bi pertsonek gauzatutako bakarrizketan. Izan ere, ez da erraza txikitatik entzundako doinu, kantu, melodia, tiritiri, kalian gora, kalian behera, hau dek umoria zalantzan jartzea. Automata moduan errepikatzen dira belaunaldiz belaunaldi, euskal kultur ondare zabala transmititzeko grinaz. Kantu zahar eta berriak geureganatzen dira eta eguneroko bizitzaren parte bilakatzen dira. Baina, eta hori da gakoa, entzuten al dira benetan automatikoki ikasten diren letra horiek? Entzun, beharbada bai, belarrietan arazorik ez badago behintzat. Baina, eta aditzeko ariketa horri ikuspegi feminista gehituta?

Saria

Antzezlanak garatzeko eta ekoizteko, proiektu irabazleak 2.500 euroko ekarpena jasoko du eta finalistak 2.000 euro. Saritutako lanak hurrengo Poltsiko Antzerki Jaialdiaren barruan estreinatzeko eta antzezteko konpromisoa hartuko dute irabazleek eta finalistek. Bakoitzak lau emanaldi egingo ditu, eta horien truke, 3.000 euro jasoko ditu proiektu irabazleak, eta 2.500 euro finalistak.

Donostia Kultura da antolatzailea, Donostiako Udaleko Euskara Zerbitzua eta Euskal Herriko Antzerkizale Elkartearen laguntzaz.