Web mapa
Hizkuntzak

Poesialdia egitarauaren baitan, gaur, martxoak 21, idazle gazteei zuzendutako Donostia Kultura Poesia Lehiaketaren seigarren edizioaren sari banaketa egin da Udal Liburutegi Nagusiko Mandasko Dukearen aretoan. Aurtengo saritua Julen Apella Santamaria (Berriz, 1998) da, Postal bat desertuan obragatik.

Julen Apella Santamaria

Julen Apella Santamaria

Euskal ikasketetan graduatua da Euskal Herriko Unibertsitatean (UPV/EHU), eta Literatura Konparatua eta Literatur Ikasketak Masterrak egin zituen unibertsitate berean. Gaur egun euskara irakasle gisa ari da lanean, eta literaturaren esparruan hauxe da argitaratzen duen lehen lana.

Hona hemen epaimahaiaren balorazioa (Eli Tolaretxipi, Itxaro Borda eta Aritz Gorrotxategi):

“Ahots gazte baino sendo bat dago liburuaren atzetik, erreferentzia eta eragin ugari erakusten duena. Trebeki uztartzen ditu metaliteratura eta kritika soziala, hizkera landuz eta irudi iradokigarriak erabiliz, gogoetari bideak irekiz. Belaunaldi baten ahots gisa ere altxatzen da, baina aldarrikapena eta munduari modu kritikoan begiratzeko jarrera lirismoz lantzen du. Poema askotan bat egiten dute egunerokotasunaren ajeek eta paisaiak, eta liburuari osotasuna ematen dioten zenbait osagai baliatzen ditu: zapatak, oinak, bidea, hegoak, mugimendua, denbora, erlojuak”.

Poesia lehiaketa honen sari ekonomikoa 1000 eurokoa da; horretaz gain Imanol Larrinagaren margolan bat oparitu zaio eta Balea Zuria argitaletxeak aipatutako poemarioa argitaratuko du. Gainera, ekainean egingo den Poesia eta Pentsamendua saioan Julen Apellak bere poemak errezitatu ahal izango ditu.

Donostia Kultura Poesia Lehiaketa

Euskarazko poesia zabaldu eta 35 urte bete gabe dituzten idazleen lanari bultzada emateko bokazioarekin sortu genuen Balea Zuria argitaletxearekin batera lehiaketa. Eta jada ematen ditu bere fruituak.

  • 2018an, saria Esti Martinez Diaz de Ceriok irabazi zuen Azalberritze bat lanarekin.
  • Bigarrena 2019an egin zen eta Gorka Salces Alcaldek eskuratu zuen sari nagusia Iraganaren izterrak obrarekin; finalista izandako Elena Olave Duñabeitiaren Zeldak poema-liburua ere plazaratu zen.
  • 2020an, Lizar Begoña Madariagak lortu zuen Aro beilegia poema liburuarekin.
  • 2021ean, Maialen Berasategi Catalanek jaso zuen sari nagusia Eskuan beti zerbait lanagatik, eta Mikel Arruabarrena Larrarteren Kardaberak zementuan liburua ere kaleratu zen.
  • 2022an, Izaskun Igoa Jaimerenaren Hotza bazkatzen saritu eta eman zen argitara.