Web mapa
Hizkuntzak

Gaur, ekainak 12, idazle gazteei zuzendutako Donostia Kultura II. Poesia Lehiaketako obra garailea aurkeztu da. Hain zuzen ere, Gorka Salces Alcalde idazlearen Iraganaren izterrak.

Gorka Salces Alcalde

Poesia zabaldu eta idazle gazteen lanari bultzada emateko bokazioarekin sortu zuten Balea Zuria argitaletxeak eta Donostia Kulturak Donostia Kultura Poesia Lehiaketa. Iaz Esti Martinez Diaz de Ceriok irabazi zuen Azalberritze bat lanarekin.

Aurten, esan bezala, Gorka Salces Alcaldek eskuratu du saria Iraganaren izterrak obrarekin, eta finalista Elena Olave Duñabeitia izan da Zeldak poema-liburuarekin..

Bigarren deialdira 13 poema bilduma aurkeztu ziren, euskaraz eta bakarka idatziak, deialdiaren oinarrietan jasotzen zen bezala. Epaimahai kideak, Eli Tolaretxipi, Itxaro Borda eta Aritz Gorrotxategi izan ziren eta aho batez erabaki zuten sarituaren izena.

Sari banaketa ekitaldia Poesialdian, Donostiako Poesiaren Astean egin zen joan den martxoaren 20an eta gaur aurkeztu da lan irabazlearen argitalpena. Gaur arratsaldeko 19:30ean Victoria Eugeniako Club aretoan egingo den Poesia eta Pentsamendua errezitaldian Gorka Salcesek parte hartuko du eta liburuko poema batzuk errezitatuko ditu.

Gorka Salces Alcalde (Portugalete, 1986). Historiako lizentziatura eta masterra bukatu ostean, Berria egunkarian bekadun-erredaktore lanetan aritu zen urtebetez, euskaldunek komunikabideen aurrean dituzten iritziak, ohiturak eta jarrerak aztergai dituen doktore-tesian murgildu aurretik. Gaur egun Historiako irakasle lanetan dihardu bigarren hezkuntzan, eta bere ikasleek ez dakite idazten duenik.