Web mapa
Hizkuntzak

Poesialdia egitarauaren baitan, gaur, martxoak 25, idazle gazteei zuzendutako Donostia Kultura Poesia Lehiaketaren laugarren edizioaren sari banaketa egin da Udal Liburutegi Nagusiko San Jeronimo aretoan. Aurtengo saritua Maialen Berasategi Catalán (Gasteiz, 1989) da.

Maialen Berasategi Catalán

Maialen Berasategi Catalán Itzulpengintza eta Interpretazioan lizentziatua, ogibidez zuzentzailea eta itzultzailea Berria egunkarian. Zenbait liburu euskaratu ditu: literaturan, Rebecca West-en Soldaduaren itzulera eta Adrienne Rich-en poema bilduma bat. Hauxe izango du lehen sormen-lana.

Poesia lehiaketa honen sari ekonomikoa 1000 € dira, horretaz gain Imanol Larrinagaren margolan bat oparitu zaio eta Balea Zuria argitaletxeak saritutako idazlana argitaratuko dio. Azkenik, ekainean egingo den Poesia eta Pentsamendua saioan sarituak bere poemak errezitatu ahal izango ditu.

Poesia zabaldu eta idazle gazteen lanari bultzada emateko bokazioarekin sortu zuten Balea Zuria argitaletxeak eta Donostia Kulturak Donostia Kultura Poesia Lehiaketa. 2018an, saria Esti Martinez Diaz de Ceriok irabazi zuen Azalberritze bat lanarekin. Bigarrena 2019an egin zen eta Gorka Salces Alcaldek eskuratu zuen saria Iraganaren izterrak obrarekin; finalista izandako Elena Olave Duñabeitiak Zeldak poema-liburua kaleratu zuen geroago. Iaz, 2020an, Lizar Begoña Madariagak lortu zuen Aro beilegia poema liburuarekin Donostia Kultura III. Poesia Lehiaketaren saria.

Informazio gehiago: Maialen Berasategiren liburu aurkezpena (2021eko maiatza).