Web mapa
Hizkuntzak

Urriaren 30etik azaroaren 1era Intx´apain jaialdiak muralismoz, hiri-kulturaz eta euskaraz beteko du auzoa. Tokiko zein nazioarteko artistek auzoko hainbat hormatan esku-hartzeak egingo dituzte eta, haien inguruan, musika, arte publikoa, bertsolaritza, breakdancea, tailerrak eta jarduera parte-hartzaileak bilduko dituen egitaraua aurrera eramango da, euskara ardatz hartuta.

Intx´Apain

Intx’Apain hiri-arte jaialdia iraungo duen hiru egunetan 12 mural marraztuko dira auzo guztian zehar, Intxaurrondo auzoaren fisionomia eraldatuz. Gainera, muralismo-jaialdi honek auzoko hainbat txoko sorkuntza, topaketa, eta parte-hartze-espazio bihurtuko ditu.

Programazioari buruzko informazioa: Intx´Apain. Zein da zure hitza?

Donostia Kulturako Intxaurrondo Kultur Etxeak bultzatuta, jaialdiak Donostialdetik, Iparraldetik, Bizkaitik, Arabatik eta Donostiarekin senidetutako Alemaniako Wiesbaden hiritik etorritako artistak bilduko ditu, auzoko hainbat hormatan mural berriak egiteko. Parte hartuko duten sortzaileen artean Eva Mena, Lian Monserrate, Maialen Arocena, Jabier Rodríguez, Andrea C. Miranda izango dira, Donostialdeatik; Oliver Pusch eta XabXab izango dira Miarritzetik etorriko diren muralistak; eta, hitzordua aprobetxatuz, Wiesbaden hiritik Jeremy Dell’Armi, Oscar Toro Navas eta Manuel Gerullis ere parte-hartuko dute. Gainera, auzoko eragileek protagonismo berezia izango dute eta auzoko hainbat pareta modu kolektiboan margotuko dira.

Jaialdiaren jatorria 2025. urtean kokatu behar da. Urte horretan Miarritzeko eta Donostiako Udalak elkarlanean, muralismoa eta euskara espazio publikoetan sustatzeko asmoz, muralak eta hitzak uztartzen zituen jaialdia antolatu baitzuten Lapurdiko hiriburu honetan bertan. Iazko topagunean Iparraldeko sortzaileez gain, Donostiako bi artistek hartu zuten parte. Aurten, Intxaurrondo auzoari egokitu zaio ekimenari segida ematea, Intx´Apain jaialdia antolatuz.

Zein da zure hitza?

Euskara izango da jaialdiaren dimentsio ezberdinak lotuko dituen ardatza. Zein da zure hitza? galderaren harira, artista bakoitzari euskarazko hitz edo kontzeptu bat aukeratzeko gonbita egin zaio, bere esku-hartzearen abiapuntu gisa. Horrela, euskararen presentzia espazio publikoan sustatu nahi da, haren erabilera normalizatuz eta haren balioa azpimarratuz, batez ere gazteen artean.

Hitzak ez du zertan muralean bertan idatzita agertu; ideia, irudi, izenburu edo sorkuntza-prozesuaren abiapuntu bihur daiteke. Horrela, artistek aukeratutako euskarazko kontzeptu edota hitzek artelanen, hizkuntzaren eta lanak egiten diren lurraldearen artean lotura ezarriko dute.

Baina Zein da zure hitza? hormetatik harago ere hedatzen da. Azken hilabeteetan, Intx’Apain Intxaurrondoko ikastetxeekin, elkarteekin eta kultur zein gizarte-eragileekin elkarlanean antolatu da, jaialdira beste ahots batzuk gehitzeko eta egitarauaren zati bat auzotik bertatik eta modu kolektiboan eraikitzeko. Plazara Goaz bezalako elkarteek, Hegoa Ikastola, Lauaizeta Ikastola eta Intxaurrondo Ikastola bezalako ikastetxeek, eta Urban 13 bezalako auzoko kolektiboek bat egin dute jaialdiarekin. Horrela, zenbait muralen diseinuan eta gauzatzean parte hartuko dute, eta asteburuko egitaraua osatuko duten beste jarduera batzuk ere proposatu dituzte.