Web mapa
Hizkuntzak

Jaialdiak hitzordu interesgarriak programatzen jarraitzen du bere azken egunetan.

Héctor Abad_amara

Bihar, azaroak 24 osteguna, Soledad Puertolasek eta Luis Antonio de Villenak Pio Barojari buruz hitz egin eta haren bizitzako pasarteak gogoratuko dituzte. Hitzordua Ernest Lluch K.E.-n izango da 19:00etan. Ordu berean,  baina San Telmo Museoan, Gabriela Ybarrak eta Ángeles Gonzalez-Sindek Luisa Etxenikerekin hitz egingo dute eta streaming bidez jarraitu ahal izango da.

Ostiralean, hilak 25eko arratsaldeko 19:00etan, Koldo Mitxelenan Lorenzo Silva elkarrizketatuko du Ruth Pérez de Anucitak. Aldi berean, Gabriela Mistralen Desolación liburuaren argitalpenaren 100. urteurrena dela eta, Inko Martinek irrati-antzerkia zuzenduko du zenbait poemeten oinarrituta. Ekitaldia Tomasene K.E. izango da eta DK Irratiak emango du.

Ulises argitaratu zela ere 100 urte bete dira eta literatur solasaldian James Joyceren klasiko moderno hau garaiko ohituren ikuspegitik begiratuko da, janariari arreta berezia eskainiz. Izan ere, jarraian izango den afari literariorako lekua hartzen dutenek, liburuan inspiratutako platerak dastatu ahal izango dituzte. Gau ezin hobea Joyceren Irlanda dastatzeko Euskal Gastronomia Kofradian 19:30etatik aurrera.

Azaroaren 26an, larunbata, Okendo K.E.n Julia Otxoak 11:30ean Ricardo Ugarte, Julia Otxoa eta Urko Ugarte, sendi bat artearen inguruan erakusketara egingo duen bisita gidatuarekin hasiko da. Goiz berean eta Literaktum Txikiren baitan, besteak beste, 12:00etan Ilustrazio Lehiaketaren bigarren edizioaren sari banaketa ekitaldia izango da Liburutegi Nagusiko San Jeronimo aretoan.

Arratsaldean, 18:00etan, Abdellah Taiak Patxi Zubizarreta idazle eta itzultzailearekin hitz egingo du. Paperezko liburuxkan jasotzen denez, jarduera hori San Jeronimo aretoan egitekoa zen, baina, azkenean, Victoria Eugenia Antzokiko Klub Aretoan egingo da. Jarduera honetan euskararako eta gaztelaniarako aldi bereko itzulketa aukera izango du. Gonbidapenak esteka honetan eta Victoria Eugenia Antzokiko eta Antzoki Zaharreko leihatiletan jaso ahal izango dira, ekitaldiaren egunean, 11:30etik aurrera.

19:00etan, Loiola K.E.n, Lander Garro, Andoni Egaña eta Eli Pagolarekin gozatu ahal izango da, umorea, poesia, narratiba, ekintza, dialektika... uztartzen dituen Faith ekitaldian. Amaitzeko, egileekin izan diren hainbat topaketa berriro entzun daitezke DK Irratian eta DK On! ataletako podcastetan.