Web mapa
Hizkuntzak

DK Sessions musikan oinarritutako multimedia proiektua abiatu du Donostia Kulturak. Egitasmo berri honek sormen musikalaren prozesu intimoenari heltzen dio: musikari bat egun batean estudiora doa single bat grabatzera eta une hori podcast narratibo, bideo eta single formatuan jasotzen du. Maite Larburu, Gona abestiarekin, izan da lehen gonbidatua.

Maite Larburu DK Sessions grabatzen Ulu Studioan
Maite Larburu

DK Irratiaren inguruan sortutako egitasmo honek, Elhuyar eta Ulu Mediarekin elkarlanean, audio soilaren mugak gainditzeaz gain, musikarien sormen prozesuaren inguruko gogoeta egin nahi du, kantuen atzean zer dagoen ulertzen lagunduko duen material berezia sortzeko.

Esan bezala, proiektuak hiru euskarri uztartzen ditu, bakoitza formatu eta funtzio desberdin batekin:

  1. Podcast narratiboa: Artistak lehen pertsonan kontatuko du abestiaren sormen prozesua. Zer inspirazio izan duen, zein izan diren zailtasunak edo une gogoangarriak, eta nola iritsi den azken emaitzara.
  2. Singlearen grabazioa: Estudioan sortutako abestia streaming plataformetan zabalduko da (Spotify, Apple Music, eta abar). Emaitza musikal osoa entzuleen eskura egongo da.
  3. Making of-aren bideoa: Grabazio saioaren irudiak jasotzen dituen ikus-entzunezko pieza argitaratuko da.

Song Exploder, Tiny Desk, KEXP eta Bizarrap Sessions moduko proiektuak eredutzat hartuta, DK Sessions formatu berritzaileak ikusgarritasun handiagoa eman nahi dio bertako zein nazioarteko musika eszenari eta garai baten testigantza jasotzeko helburua du.

Maite Larburu: Gona

Lehen saioan Maite Larburu (Hernani, 1979) izan da gonbidatua. Musikagintzan ibilbide propioa eta berezia osatu duen artista da, klasikoa eta esperimentala uztartzen dituen hizkera musikala duena. Sormen prozesuari buruzko elkarrizketa intimo batean barneratu eta estudioan Gona izeneko singlea grabatu du.

Elkarrizketan, kantua osatzen duten hitzak eta doinuak nola sortu diren kontatu digu, eta une batzuetan isiltasuna ere funtsezkoa bihurtzen dela erakutsi. Soinuak, gorputzak eta emozioek hartu dute protagonismoa grabazio honetan.

Maite Larbururen podcasta, singlea eta bideoa dagoeneko eskuragarri daude Donostia Kulturaren webgunean eta aipatutako plataformatan.

Hona hemen podcasta.