Web mapa
Hizkuntzak

Donostia Kulturak eta Fundación Japón erakundeak, Euskadi Japonia 2023 jarduera programaren eta Beldurrezko Astearen barruan, Fantasiazko zinema japoniarraren ikonoak. Aguilar-Haraguchi Bilduma erakusketa aurkezten dute, irailaren 14tik azaroaren 4ra Okendo Kultur Etxean zabalik.

Belladonna of Sadness
Belladonna of Sadness

Izua, zientzia fikzioa eta fantasia. Kaijuak, yokaiak, espektroak, banpiroak eta estralurtarrak. Japoniako animaziozko zinemak eztanda egin aurretik, munduan zehar abiadura handian hedatzen hasi eta egungo egoerara iritsi arte, eta gaur egun J-Horror izenez ezagutzen denaren agerraldi nabarmenaren aurretik, Japonian fantasiazko generoko film ugari ekoiztu ziren irudi errealean. Kabukitik sortutako mendeku espektralen istorioak, yokai izenez ezagutzen diren tokiko trasgoekin izandako gorabeherak, egun munduko izar bilakatutako Godzilla horrek irudikatutako munstro erraldoiak, edo mendebaldeko zinemako modak egokitzen zituzten filmak, besteak beste estralurtarren inbasioak edo banpiroak.

Zinema horrek guztiak irudimen handiko kartelak sortu zituen, gaur egun oso preziatuak. Aguilar-Haraguchi Bilduma munduko handienetako bat da, Daniel Aguilar idazle eta zinema japoniarrean adituak eta Tomoo Haraguchi zinemagile eta makillaje efektu berezien teknikariak bildua, eta posterrak, prentsa gidak, argazkiak, pressbookak eta orain nekez aurki daitekeen publizitateko material oro biltzen ditu. Horiek guztiak eta Haraguchik fantasiazko izakien sorkuntzan egindako lanaren laginak Okendo Kultur Etxean ikusi ahal izango ditugu.