Web mapa
Hizkuntzak

Macarena Gómez aktorea izango da datozen hilabeteetan Donostiako Fantasiazko eta Beldurrezko 33. Astearen irudi ofiziala. Astea urriaren 28tik azaroaren 4ra bitartean izango da aurten.

Macarena Gómez, 2022ko Beldurrezko Astearen kartelean
Macarena Gómez, 2022ko Beldurrezko Astearen kartelean

Macarena protagonista duen ilustrazio bat da, Carlos Fdez (Penrider) marrazkilariak egina, 2022 Astearen irudia. Bertan, armiarma batek ere protagonismo berezia du, zinemaldi honen ikurra bere hasieretatik.

Macarena Gómez azken urteotako Espainiako fantasiazko zinemaren aktore adierazgarrienetako bat da. Hainbat pelikulatan lan egin du –Platillos volantes (Óscar Aibar, 2013), Las brujas de Zugarramurdi (Álex de la Iglesia, 2013) eta Pieles (Eduardo Casanova, 2017– eta pelikula hauekin izan da Astean: Dagon (Stuart Gordon, 2001), bere lehenengo lanetako bat, eta Musarañas (Esteban Roel eta Juanfer Andrés), 2014ko edizioari hasiera eman ziona.

Arteuparte Estudio arduratu da kartelaren koordinazioaz eta diseinuaz.

Carlos Fdezek dio: "Lan hau egiteko zerbait aztoragarria nahi genuen. Proba batzuen ondoren aurrez aurreko plano txundigarri bat aukeratu genuen, Macarenaren begiradak, ikusleari zuzenean begira, ilustrazioari indar guztia emateko".

Macarena Gómez

Aktore gisa duela 20 urte debuta egin zuenetik, Macarena Gómezek 80 proiektutan baino gehiagotan parte hartu du zineman, telebistan eta antzerkian, eta berrogeita hamar bat sari eta nominazio jaso ditu lan horiengatik, Goya sarietako Emakume Aktore Onenaren nominazioa barne, Musarañasen egiten duen paperagatik.

Hamabi denboraldi daramatza protagonistetako bat izaten Espainian den telesail arrakastatsuenetako batean, "La que se avecina"-n (2007-), eta duela gutxi protagonista izan da HBOko "30 monedas"-en (2020-), Álex de la Iglesiaren zuzendaritzapean berriro jarri zen sailean, Las brujas de Zugarramundi eta gero; 2. denboraldia filmatzen ari da orain.

Carlos Fdez

1980an Madrilen jaioa, Arte Ederretako ikasketa ofizialik egin gabe ilustrazio eta komiki ikastaro batzuk egiten ikasi zuen marrazten, Madrilgo Marrazketa Profesionaleko Goi Mailako Eskolan (ESDIP) eta batez ere modu autodidakta batean ordu asko emanda.

Nolabaiteko nabaritasuna lortuta eta sare sozialek lagunduta, hainbat erakusketa kolektibotan parte hartu du eta 2020an bere lehenengo erakusketa indibiduala egin zuen New Yorkeko Haven Galleryn.

Beti saiatzen da istorio txiki bat kontatzen interpretazio desberdinak jasotzera irekia dagoen amaiera batekin, era horretan ikuslea tartean sar dadin.

Arkatzezko marrazkian espezializatua, degradatuaren teknika baliatuz misteriozko giroak deskribatzea da bere lanaren asmoa. Munduaren ikuspegi tragiko bat eta tematika surrealista bat biltzen dituen lana da, eta bere bitartez ametsak, sentimenduak eta emozioak irudikatzen ditu. Aintzakotzat hartzen ez direnen bakardadea interesatzen zaio, eta natura, animaliak eta Lurraz haraindiko espazioa maite ditu.