Hizkuntzak
Beldurrezko Zinemaren 36. Asteko Gazteen Epaimahaian parte-hartzeko epea zabalik dago
Hogei urtez jarraian, Donostia Gazteriak Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren Astean parte hartu eta Gazteen Epaimahaia eratuko du; 100 pertsonekin osaturiko taldeak film laburren irabazlea aukeratu eta 36. edizioko Film Laburrik Onenaren Gazte Saria emango du. Interesatuek Gazteriako webgunearen bidez izena eman dezakete urriaren 20ra arte.
Gazteen Epaimahaian parte hartzeko aukeratzen diren gazteak (100 pertsona) Antzoki Zaharrean elkartuko dira urriaren 31ean, arratsaldeko lauretan, aurkeztuko diren film laburrak ikusi eta baloratzeko. Emanaldiaren ondoren, epaimahaikide bakoitzak bere botoa eman beharko du, eta, emaitzaren arabera erabakiko da zeinek irabaziko duen Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren 36. Asteko Film Laburrik Onenaren Gazte Saria. Gainera, Epaimahaiko bi pertsona hautatuko dira saria banatzeko.
18-30 urte bitarteko gazteek parte hartu ahal izango dute eta diren tokiak (100) baino eskari gehiago izanez gero, Donostian erroldatuta daudenek izango dute lehentasuna; beharrezkoa balitz, zozketa egingo litzateke. Zozketaren ondoren, hautatuek urriaren 25eko emanaldira etorriko direla baieztatu beharko dute; bestela, itxaron zerrendara joko da epaimahaia osatzeko.
Bestalde, epaimahaiko kide guztiek 36. Beldurrezko eta Fantasiazko Asteko zenbait emanaldietara joateko aukera izango dute. Emanaldiak komunikatuko dira urriaren 31eko saioan.
Izen ematea eta ezarritako epeak
Izena emateko Donostia Gazteriako webgunean (www.donostia.eus/gazteria) izena emateko fitxa bete. Era berean, esteka horretan, zozketaren emaitzak ikusi ahal izango dira, eta hautatutako gazteek etorriko direla baieztatu ahal izango dute.
Ezarritako epeak, honako hauek dira:
Izen emate epea: urriaren 1etik 20a bitartean
Zozketa eguna: urriaren 22an
Hautatuak izan diren pertsonek parte hartuko dutela baieztatzeko epe muga: urriaren 25a
Emanaldiaren eguna: urriaren 31, 16:00etatik aurrera, Antzoki Zaharrean
Bestelako informazioa eta harremana:
Donostia Gazteria
943 48 19 09
[email protected]
