Hizkuntzak
Asun Balzola Elorzari buruzko liburuaren aurkezpena
Gaur, martxoak 30, aurkeztu da Asun Balzola Elorza: koloreekin pentsatzen zuen neskatoa izeneko albuma. Ekimen honen bidez, Asun Balzola Elorza ilustratzaile eta idazle handiari omenaldia egin nahi zaio bai eta bere lana haur berriei ezagutarazi ere.
Liburuari buruz
Denonartean argitaletxeak plazaratu du albuma eta Yolanda Arrieta Malaxetxebarria idazleak eta Oihana Egaña Callejo ilustratzaileak sortu dute. Koloretan argitaratua, 36 orrialde eta azal gogorra ditu, eta 800 aleko tirada egin da. Liburua Donostia Kulturako haur liburutegietan egongo da eskuragarri eta ikastetxeetara ere iritsiko da Liburuka programaren bidez. Gainera, liburu dendetan erosi ahal izango da.
Denonartean argitaletxeak plazaratu du albuma eta Yolanda Arrieta Malaxetxebarria idazleak eta Oihana Egaña Callejo ilustratzaileak sortu dute
Asun Balzola Elorzari buruz
Asun Balzola Elorza (Bilbo, 1942 – Madril, 2006) ilustratzaile eta idazle ospetsua izan zen eta Espainiako eta Euskadiko sari garrantzitsu ugari irabazi zituen, besteak beste Espainiako Ilustrazioaren Sari Nazionala (1985) eta Euskadi Saria (1991). Espainia ordezkatu zuen Andersen Sarietarako hautagai moduan ere (1981 eta 1983). Bere lanek beti islatu zuten bizipen pertsonalen eta sorkuntzaren arteko lotura, Historia de un erizo edo Txoriburu bezalako liburuetan azaldu bezala.
2007an, bere artxibo eta liburutegi pertsonala Donostiako Haur Liburutegi Nagusiari eta Haur Liburuaren Dokumentazio Guneari gordailuan utzi zitzaion. Asun Balzola funtsean haren monografiak, gutunak, lanbide-dokumentuak eta irudiak ikus daitezke. Marrazki eta artxibo digital batzuk Donostiateka plataforman ere ikus daitezke gaur egun.
Donostia Kulturaren babesa
Asun Balzolaren omenezko liburu honek jarraipena ematen die Donostia Kulturak sortzaileak laguntzeko dituen ildoei. Aurreko urteetan Donostia Kulturak babestutako beste lan batzuk honako hauek dira: San Sebastián, postal a postal (1902–1930), Gráficas Michelenarena (2025); Catalina de Erauso: pasioa eta loria - pasión y gloria (2025), Álvaro Bermejo eta Joseba Urretabizkaiarena; Atotxa-Egia (2024), Kike Otaegirena (2024) eta Elbira Zipitria Andereñoa (2024, Antton Kazabon eta Jokin Mitxelenarena; Igeldoko historia eta istorioak (2023) Jabier Iraola Gabilondorena; Morlans denboran zehar - Morlans a través del tiempo (2022), Claudio Artesano Garicanorena; eta Burnizko potoa (2020) Jokin Mitxelena eta Antton Kazabonen liburua.
