Hizkuntzak
Santo Tomas Feria
Santo Tomas jaia egun bakar batean ospatu ohi da: abenduaren 21ean. Egun horretan, Donostia nekazari-azoka bihurtzen da, eta txistorra izaten da hango protagonista.
Santo Tomas 2026 - Parte hartzea
Azokan parte hartzeko behar den informazio guztia: oinarriak, izena emateko formularioak eta dokumentazio interesgarria hemen aurki dezakezue:
-->
Zozketara doazen txistorra saltzeko tokiak
Santo Tomas eguneko Festa dela eta, 2026ko abenduaren 21ean, hiriko hainbat aldetan, txistorra saltzeko postuak jarriko dira. Postu horien jarpena zozketa bidez -azaroaren 18an 13:00etan, Donostiako Udaletxeko Udalbatza Aretoan- egingo da.
Txistorra saltzeko postua jartzeko baimena eska dezakete Donostian egoitza duten mota guztietako aisialdi elkarteek, herri-erakundeek, kirol-elkarteek, eta hezkuntza zentroek, beti ere, oinarrietan eskatzen dena betetzen badute.
Produktu ezberdinen saltokiak
Santo Tomas eguneko Festa dela eta, 2026ko abenduaren 21ean, hiriko hainbat aldetan, produktu ezberdinak saltzeko postuak jarriko dira. Postu horien jarpena, hemen behean agertzen diren oinarrien arabera egingo da:
"Txistorra Gastronomian" - IV.Gastronomia Lehiaketa
Donostia San Sebastian Festak-ek, Gastronomiazko Euskal Anaiartearen Kofradia, Super Amara, eta Donostiako Udalako Osasun Publiko Departamentua laguntzarekin, Santo Tomas egunean, “Txistorra gastronomian” IV. Gastronomia Lehiaketa antolatu du abenduaren 21ean Elkano kalean, 11:00etatik aurrera.
Lur gaien Lehiaketa - Erakusketa
Lehiaketa, 2026ko abenduaren 21ean (Santo Tomas eguna) goizeko 09:00etatik aurrera, Donostiako Konstituzio plazan ospatuko da.
Euskal Herriko XXX. Txistor Lehiaketa
Lehiaketa 2026ko abenduaren 21ean izango da, Santo Tomas eguna, goizeko 11:00etatik aurrera, Donostiako Gipuzkoa plazan.
Txorimalo Lehiaketa
Lehiaketa 2026ko abenduaren 21ean (Santo Tomas eguna), goizeko 09:30etik aurrera, Donostian zehaztu gabeko toki batean izango da.
Donostialdeko Ezti Lehiaketa
Lehiaketa 2026ko abenduaren 21ean (Santo Tomas eguna), goizeko 10:00etatik aurrera, Donostian zehaztu gabeko toki batean izango da.
Historia
XIX. mendearen erdialdean, Gipuzkoako baserri gehienetako lurrak maizterrek lantzen zituzten, eta Santo Tomas egunean ordaindu ohi zituzten errentak. Jabeak Donostian bizi ohi ziren. Hala, Santo Tomas egunez baserritarrak hirira etortzen ziren errenten dirua eta pare bat kapoi zekartzatela, eta jabeek, esker onez, bakailaoa eta txokolatea oparitzen zizkieten.
Baserritarrek hiriburura egindako bisita baliatzen zuten herrietan aurkitzen ez zituzten gaiak eskuratzeko eta baserriko produkturik onenak saltzeko. Horrenbestez, beharrezko bihurtu zen azoka egitea, eta halaxe sortu zen Santo Tomasekoa, Konstituzio Plazan.

Trikitilariak Konstituzio plazan.

Feria egunean, sagardoa edaten eta txistorra jaten.
Gipuzkoako herrietan garraioa hobetu zenean, Feria ez zen hain beharrezkoa. Baina baserritarrak eutsi egin zion Santo Tomas egunean Donostiara etortzeko ohiturari. Eta Feriak gaur arte iraun du.
Hasieratik zen tipikoa txorizo frijitua ogi artean jatea, eta festaren protagonistak haurrak izaten ziren, opari zaratatsuak egiten baitzitzaizkien. Tradizio hori desagertu egin zen urteen poderioz, baina berriak agertu ziren, eta gaur arte iraun dute, hala nola hasieretan plazan ikusten ziren jantziak imitatzea eta txistorra-postuak Konstituzio Plazan ipintzea, ikasleek ikasketa-bidaia ordaindu ahal dezaten. Denborarekin, jaia deszentralizatuz joan zen, eta hiriko beste alde batzuetara zabalduz, halako moldez non, gaur egun, ia ez baita auzorik jaia ospatzen ez duenik.
Santo Tomas eguneko ohiturarik sustraituenetako bat txistorra jatea da, taloarekin edo ogi artean. Taloa artirinez, urez eta legamiarik gabe egindako opil mehe bat da, plantxan errea.







