Web mapa
Hizkuntzak

Gaur goizean, ekainak 12, Donostia Kultura IX. Poesia Sariko liburua aurkeztu da. Itziar Agirre Sagasetaren Honekin egin nahi duzuna kaleratu du Balea Zuria argitaletxeak.

Itziar Agirre Sagaseta
Gorka Rubio (Foku) Donostia Kulturarentzat

Aurkeztu den liburua Itziar Agirre Sagasetak argitaratzen duen lehenengoa da, eta Donostia Kultura Poesia Lehiaketako IX. sari nagusia eskuratzeagatik plazaratu da. Donamarian, 2001ean jaioa, Irakasletzako Masterra egiten ari da Universidad Internacional de La Riojan, eta euskara irakasle gisa lan egiten du Iruñean. 2022an, egile berrientzako XXXII. literatura lehiaketan aipamen berezia jaso zuen Sartu ez dena ezin atera lanagatik.

Epaimahaikideek (Eli Tolaretxipi, Itxaro Borda eta Aritz Gorrotxategi) balorazio hau egin zuten saria ematerakoan: “Lan koherentea eta orekatua da, baina arriskurako joera ere erakusten du zenbait irudi eta joskeretan. Paisaiak eta naturak pisu handia hartzen dute bilduman, protagonista eta ahots propio bihurtzeraino. Gogoetatik eta begirada pausatutik abiatzen da sentikortasun handiz, eta intimotasunaren eta ingurunearen arteko tentsioa azaleratzen du, denbora eta gorputza bezalako gaietan maisuki sakonduz”.

Egilea zuzenean ikusteko aukera izango dugu ekainaren 18an, iluntzeko 19:00etan, Victoria Eugenia Cluben egingo den 2026ko Poesia eta Pentsamendua izeneko errezitalean.

Poesia zabaldu eta idazle gazteen lanari bultzada emateko bokazioarekin sortu zuten Balea Zuria argitaletxeak eta Donostia Kulturak DK Poesia Lehiaketa (aurreko edizioetako informazioa duzue loturan).