Web mapa
Hizkuntzak

Maider Uriarte Doizek irabazi du Donostia Kultura Irratiak antolatutako Hamaika entzuteko! IX. Irrati-piezen lehiaketa eta Ruben Martinez Rosasentzat izan da 2.saria. Lan saridunak DK Irratiaren Ispilu Beltza irratsaio berezi batean ezagutaraziko dira datorren ostiralean, abenduak 22.

Lehiaketako irabazleak

Deialdira aurkeztutako lanen artean, epaimahaiak erabaki du pieza irabazlea Kirikoketa dela. Epaimahaiak aho batez erabaki du aurten lehiaketara aurkeztutako lan guztietatik onena dela eta horrela baloratu du: “Pieza laburra eta erakargarria da, soinu-geruza ugari dituena eta efektuak oso modu eraginkorrean erabiltzen dituena. Hizkuntza aberatsa duena eta Euskal Herriko ohituren islada diren soinu eta sentsazioak transmititzen dituena”. Egilea Maider Uriarte Doiz kazetaria da.

Bigarren saria Ruben Martinez Rosasentzat izan da, Arbizu Enea izeneko lanagatik. Epaimahaiak azpimarratu du lan originala eta umoretsua dela, soinu-efektuak oso ongi erabiltzen dituena eta entzulea irratsaioan kontatzen den istorioan murgiltzeko gaitasuna duen pieza entretenigarria.

DK Irratiaren Ispilu Beltza irratsaio berezia ostiralean, abenduaren 22an, 8:00etan hasiko da, FM107.4 sintonian eta irratia.donostiakultura.eus webgunean. Bertan, Hamaika entzuteko! IX. Irrati-piezen lehiaketako pieza irabazleak entzuteaz gain, saridunekin elkarrizketak izango dira, eta baita lehiaketaren antolatzaile eta epaimahaikideekin solasaldiak ere. Halaber, 14:00etan eta 21:00etan saioaren errepikapena entzuteko aukera izango da.