Web mapa
Hizkuntzak

Musika Hamabostaldiak eta San Telmo Museoak duten hitzarmenaren baitan, iazko edizioari dagokion dohaintza egin dio jaialdiak museoari. Susana Talayero artistaren hiru lan dira dohaintza osatzen dutenak: El grito, Ser cráneo II eta Planta 1, hirurak tamaina handiko lanak. Dohaintzaren berri 2023an Hamabostaldiak museoan egingo dituen bi zikloen aurkezpenarekin batera eman dute museoan: Antzinako musikaren zikloa eta Ganbera musikaren zikloa.

Susana Talayeroren "El grito" eta "Ser cráneo II" lanen irudiak

2021 urtean San Telmo Museoak eta Donostiako Musika Hamabostaldiak hitzarmen bat sinatu zuten, Musika Hamabostaldiaren programazioaren baitan museoan musika-jarduerak antolatzeko lankidetza ezarri eta bideratzeko. Urtero San Telmo Museoan eskainiko den kontzertu, hitzaldi edo bestelako jarduera sorta adostuko da eta gainera, hitzarmenean jasotzen denez, urtero, jaialdiak obra baten dohaintza egingo dio museoari, aldez aurretik adostuta, eta bere bildumaren parte izatera pasako dena.

Lehenengo urtean, Xabier Erkiziaren ikus-entzunezko instalazio bat izan zen aukeratutako lana: Zubiak dira zauriak, zauriak dira orbainak, orbainak dira izenak.(2016-2020).

2022ko dohaintza da gaur aurkeztu dena, Susana Talayeroren aipatutako hiru lanekin. Azpimarratzekoa da Talayerok berriki jaso duela bere ibilbide artistikoagatik Gure Artea Saria.