Hizkuntzak
San Telmoren fundatzaileen hilobia aldare nagusira lekualdatu du museoak
San Telmo komentuaren (egun museoa dagoen lekua) fundatzaileen hilobia, Idiakeztarrena, aldare nagusiaren aurrera lekualdatu du museoak. Komentuaren fundatzaile izandako Alonso de Idiáquez eta Gracia de Olazabalen marmol txurizko hilobi-ohearen erreprodukzioa alboko kapera batean egon da 2010etik, eta, aldaketa honekin, jatorrizko kokapena berreskuratu du.

Egun museoa kokatua dagoen domingotarren komentua Alonso de Idiáquez jaunaren, (Carlos V. Enperadorearen Estatu-idazkaria) babespean eraiki zen XVI. mendean. Haren seme Juan de Idiáquezek, gurasoen omenez, marmol txurizko hilobi-monumentu bat egiteko eskatu zion Taddeo Carlone artistari.
Bi fundatzaileen erlikia-hobia kalte handiak jasan zituen 1813ko arpilatzean; eskultura etzanak eta bi armarriak bakarrik kontserbatu ziren. Ondoren, ez da urtea ezagutzen, bi figurak banatu egin zituzten eta modu independientean kokatu zituzten elizan.
2010ean, irakurketa historiko-artistikoa errekuperatzeko, jatorrizko hilobi ohearen erreprodukzio fidagarria eta itzulgarria egin zen (material berriekin, baina jatorrizkoaren neurri eta ezaugarri berberekin) eta berriz ere elkarren ondoan jarri zituzten bi eskultura etzanak elizan. Hala, 2011n museoa berritu zenetik, elizaren albo-kapera batean egon da Idiakeztarren hilobia.
Lekualdatze honekin, ordea, jatorrizko lekura itzuli da hilobi-monumentua, patronazgoak emandako pribilejioetan jaso bezala: besteak beste, tribuna pribatua edukitzea, kriptan lurperatuak izatea edo hilobi exentua izateko eskubidea, zoladuraren gainean eta aldare nagusiaren aurrean.
San Telmo Museoko elizaren aldare nagusiaren aurrean, toki nabarmenean eta XVI. mendean bezala, ikusgai dago beraz Idiakeztarren hilobia.