Web mapa
Hizkuntzak

San Telmo gizarte museo bilakatu zenean Erronkak izeneko ildo estrategiko berria ireki zuen 2011n. Hala, tradizioarekin eta antzinako bizimoduekin oso identifikatuta zegoen erakundea, gizartearen fenomeno garaikideetan oinarritutako ikuspegi berri batez hornitu zuen, orainari eta etorkizunari buruzko hausnarketarako eta eztabaidarako espazioak irekiz. Orain Erronkak lan ildoa indartu du museoak irudi propioa sortuz eta erakusketa iraunkorrean hainbat aldaketa eginez, ohiko programazioarekin jarraitzeaz gain.

Erronkak programan parte hartzen duten erakundeen ordezkariak
Iker Azurmendi

Urte hauetan, bost ardatz nagusitan oinarrituta (Kulturartekotasuna, Iraunkortasuna, Genero Berdintasuna, Bakea eta Giza Eskubideak, eta Europa), unean uneko erronka handiei heldu die museoak, gaurkotasunak eskatzen zituen beste hainbat gai alde batera utzi gabe. Horretarako, garrantzi handiko erakunde eta eragile kultural eta akademikoen lankidetza egonkorra du San Telmok, hala nola, Ankulegi, Cristina Enea Fundazioa, Donostia International Physics Center, Galde Aldizkaria, Globernance, Jakiunde, Deustuko Unibertsitatea (Ares) eta UPV/EHU.

Urte hauetan, proiektu hau handituz eta sendotuz joan da, museoaren nortasun-ikur bihurtu arte. Ziklo horiek, gaur egun, publikoaren onarpen handia dute, eta denontzat eskuragarri dagoen Youtubeko gure kanalean hitzaldi-sorta (artxibo) zabala sortzen ari da.

Programazioa

Museoak lanean jarraitzen du jardueren programazioa eskaintzeko. Programazio horretan, ia beti beste erakunde batzuekin elkarlanean, egungo gizartean kezka sortzen duten gaietako batzuetan sakontzen da.

Jarduera horiek eta museoak antolatutako besteen berri izan nahi baduzu, gure buletinean eman dezakezu izena. Astelehenero bidaltzen dugu egun horietarako duen eskaintzarekin.

Erakusketa iraunkorra: begirada garaikidea eta Erronkak atalarentzako espazioa

Begirada garaikide hori agerikoagoa izango da erakusketa iraunkorrean ere eta ibilbideko zenbait puntutan begirada garaikidea txertatuko dugu esku-hartze berriekin, bisitariari laguntzeko museoaren kontakizunaren irakurketa garaikidea egiten. Horren adibide da baserriaren aretoan dagoen ikus-entzunezkoa adibidez, baserriaren bilakaera gaur egungo ikuspuntutik aurkezten duena.

Gainera, erakusketa iraunkorraren ibilbidearen amaieran dagoeneko azaltzen ziren hainbat eduki gaurkotuko ditugu - ekologia, esaterako, gaur egun klima aldaketaren bitartez nagusiki entzutetsu dena – eta urte hauetan sortu diren gai berriak gehituko ditugu, migrazioak edota populazioaren zahartzea bezala.

Irudi berria

Diego Zarrabeitia diseinatzaileak museoaren ideiari erantzuten dion logo bat sortu du, pentsamendu-korronte berrien hedatzaile gisa, gizarteari erantzunak eskainiz. Ideia hori uhin batzuetan islatzen da. Uhin horiek harri baten inpaktua bezala hedatzen dira uretan, eta, aldi berean, uhinekin jolasteko aukera ematen du, esploratu beharreko bide bat iradokitzeko, Erronken ideiarekin ere lotzen dena. Irudi honek Erronkak ildoarekin lotutako jarduerak eta erakusketak identifikatzeko balioko du.