Hizkuntzak
2026ko Poesia Orduak irailaren 7an eta 8an Victoria Eugenia Cluben
Donostia Kultura eta Euskal Idazleen Elkartea dira urtero irailean egin ohi diren Poesia Orduak errezitalen antolatzaileak. Aurten ere bi antolatu dira, Victoria Eugenia Cluben, iluntzeko 19:00etan: hilaren 7an, REC (Miren Agur Meabe eta Ibon RG) eta hilaren 8an, Gari errearen urrina (Fertxu Izquierdo eta BlekingeKale Banden).
Gonbidapenak saio bakoitzaren egunean bertan goizeko 11:30etik aurrera eskuragai egongo dira webgune honetan eta Victoria Eugeniako leihatilan. Kartela Maite Mutuberria ilustratzaileak egin du.
Irailak 7, REC
REC, laburdura bat, balioanitza, gailu elektronikoetan bideoa edo audioa grabatzeko APPa edo tekla adierazten duena, besteak beste.
Emanaldian zehar, Miren Agur Meabek eta Ibon RGk memoria poetiko baten grabazioa antzeratuko dute, idazleak 2000-2025 urteak bitartean egindako lanaren sintesi posibleetako bat.
Meabek bere ibilbidean nabarmendu diren gaiak eta poema esanguratsuak sailkatu ahala, Ibon RGk kantu bihurtutakoak ere izango dira entzungai, bere estilo esperimentalaren bidez. Testuak, hotsak, ahotsa, irudiak eta musika uztartuz, hainbat item jorratuko dituzte, hala nola identitatea, habitatak, gorputza, genealogiak, idazkuntza, kontzientzia, kodeak edota kredoak.
Bi ahotsen topaldia eta kontrapuntua, hotsezko paisaia aldakor batean, memoria poetiko bati eusteko ahaleginean.
Irailak 8, Gari errearen urrina
Gari errearen urrina emanaldiak izen bereko liburua du abiapuntu. Fertxu Izquierdo idazleak kide den BlekingeKale Banden taldearekin batera errezitaldi “punkerizatua” eskainiko du. Bertan, liburuko poemak errezitatuko ditu, punk-rock doinuekin uztartuta. Poema horietako batzuk kanta bihurtu dituzte, eta horiez gain, liburuan lantzen diren gaiekin lotura duten beste hainbat abesti ere interpretatuko dituzte. Helburua da bizi dugun garaiaren gordintasuna ikuspegi poetiko eta musikal baten bidez aztertzea eta partekatzea.
Liburuari dagokionez, garai hauetako kronika poetikoa da, non egilearen bizipen pertsonalak, gizartearen bizipen kolektiboekin nahastuko diren: Gazako genozidioa, Estatu Batuetako poliziaren indarkeria, gure auzoetako hiri eta giza paisaiak, memoriaren magaletan gordeta daramatzagun gatazkak, heriotzaren atzaparkadak versus erotismo fin batean bildutako bizitzak...
Euskal Jaiak
Poesia orduak Euskal Jaiak programan txertatzen da (aurten irailaren 2tik 13ra dira egitekoak). Tradizio handia dute jai hauek Euskal Herrian, hainbat lekutan ospatu izan dira eta Donostiaren kasuan gainera jarraipena izan dute. Hor ditugu estropadak, Sagardo Eguna, euskal dantzak, herri-kirolak, eta abar. Euskal kulturak ere bere espazioa izan du Euskal Jaietan, eta Poesia Ordua saioek leku hori betetzen dute.
