Hizkuntzak
Noviembre Fantasmak bere unibertsoa zabaldu du Curtas gehitzean
Zazpigarren denboraldiak generoko zinemarekin lotutako ikus-entzunezko edukiak eskainiko ditu berriro, plataforman doan eskuragarri.
Udazkenak berriro irekitzen dizkio ateak iruditeria fantastikoari Noviembre Fantasmarekin, herrialdeko fantasiazko eta beldurrezko zinemaldi nagusietako bost biltzen dituen proiektu kolaboratiboarekin. Ekimenak zazpigarren denboraldia du aurten, eta Vilagarcía de Arousako Curtas Festival do Imaxinario gehitu zaie hauei: Donostiako Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren Astea, Fancine – Malagako Unibertsitateko Fantasiazko Zinemaldia, TerrorMolins – Molins de Reiko Beldurrezko Zinemaldia eta Isla Calavera – La Laguna Hiria Kanarietako Fantasiazko Zinemaldia.
Beraz, Curtas Festival do Imaxinario galiziarraren etorrerak zabaldu egiten du edukiak, publikoak eta esperientziak partekatzeko sortutako aliantza, zinemaldi bakoitzaren data eta egoitzetatik harago. Aurreko denboraldietan bezala, Noviembre Fantasmak fantasiarekin eta beldurrarekin lotutako hitzaldiak, topaketak eta ikus-entzunezko beste proposamen batzuk bilduko ditu, generoaren zaleei, munduko edozein lekutatik, zinemaldi horietako bakoitzetik edukiak hurbiltzeko asmoz.
Bideo horiek guztiak doan ikusi ahal izango dira plataforman: noviembrefantasma.com
Programazioa
Aurten ere, kolaborazio honek pauso bat gehiago emango du plataformatik harago, Sitges Industry 2026ra bertaratuko baita. Bertan, Noviembre Fantasmak “La incubadora glocal: Del territorio Noviembre Fantasma a la pantalla global” mahai-ingurua antolatuko du urriaren 10ean, 11:30ean, Hotel Meliá Sitgeseko Noray aretoan. Topaketak tokiko identitateak eta eskualdeko folkloreak gero eta homogeneoagoa den nazioarteko ikus-entzunezko merkatu batean duten balioa aztertuko du, baita zinemaldiek talentu berriak detektatzeko eta beren lurraldeetan errotutako proposamenen alde egiteko duten zeregina ere, balidazio komertziala egin aurretik. Fancineren programazioaren koordinatzaile Rocío Morenok moderatuko du saioa, eta honako hauek hartuko dute parte: Kiko Morah, Amsterdamgo Imagine Fantastic Film Festivaleko programatzailea; Josemi Beltrán, Donostiako Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren Asteko zuzendaria; Luis M. Rosales, Curtas Festival do Imaxinarioko zuzendaria; eta Glòria Massana, TerrorMolinseko koordinatzailea.
Noviembre Fantasman izango duen estreinaldian, Curtasek bost proposamen aurkeztuko ditu, bereziki komikiaren, ilustrazioaren eta ikus-entzunezko sorkuntzaren munduari lotutakoak. Jorge Fornés eta Enrique Vegas marrazkilari ospetsuak bederatzigarren arteari eskainitako topaketa bateko protagonista izango dira. Bestalde, Luis Camachok “HP Lovecraft: Manual zoomórfico” aurkeztuko du; bertan, idazlearen amesgaiztoetatik sortutako munstroen, antzinako jainkoen eta izakien bilakaera bisuala du aztergai. Eta Jaime Martínek bidaia berezi bat egingo du “Uraletatik Pirinioetara”. Zinemaldi galiziarraren programazioan, gainera, Richard Stanley zinemagilearekin topaketa bat egingo da, “Rodando la locura” izenburupean, eta Ariel Olivetti komikigile eta ilustratzaile argentinarrak masterclass bat emango du, akuarelako pintura tekniketan oinarritua.
Donostiako Beldurrezko Asteak generora bide desberdinetatik hurbiltzea proposatuko digu. Edukien artean, “Del body horror al queer horror” hitzaldia egongo da, bere 37. edizioaren leitmotivari lotua, baita topaketa bat ere Ramón Saldías zinemagilearekin, Karate contra mafia filmaren zuzendariarekin. Donostiar eskaintza osatzeko sarraldi bat egingo da iruditeria japoniarrera, Fuego Fatuo Art-ek —Álvaro Herranzen izen artistikoa— sortutako yokaien bitartez.
TerrorMolinsek, berriz, errealitatearen eta fikzioaren arteko muga lausoarekin jolasten duten bi jarduera eramango ditu Noviembre Fantasmara. Víctor Navarro game studieseko adituak “Found footage jugable y píxeles malditos: de la bruja de Blair a los Cursed Demo Discs y Backrooms” emango du, metraje aurkituaren kodeak bideo-jokoaren unibertsora eramateko hurbilketa bat. Eta Antonio José Navarro zinema kritikariak mekanismo narratibo horietan sakonduko du “Cuando el terror finge ser real: Found Footage y Mockumentary”-rekin, metraje aurkituari eta dokumental faltsuari eskainia.
Isla Calaverak fantasiazko eta generoko zinemaren historiarekin lotura estua duten figurak jarriko ditu berriro publikoaren aurrean. Denboraldi berri honetan topaketak ekarriko ditu Lone Fleming, Christopher Lambert eta Tom Berengerekin; zinemaren arloan ibilbide oso desberdinak egin dituzten hiru aktore hauek Isla Calavera – La Laguna Hiria Kanarietako Fantasiazko Zinemaldian parte hartuko dute.
Azkenik, Fancinek bere 36. edizioaren goiburua, “Programados para amar”, baliatuko du fantasiazko zinemaren harreman emankor eta asaldagarrienetako batera hurbiltzeko: maitasuna eta munstroak batzen dituen horretara. Ángeles Huerta errealizadoreak, Cuerpo abierto filmaren zuzendariak, ibilbide bat proposatuko du monster romance zinematografikoan barrena “El amor monstruoso en 5 matches”-en, baita generoak desioa eta alteritatea irudikatu dituen moduetan ere, arauei ihes egiten dien harremanen bitartez. Hitzaldia SGAE Fundazioarekin batera antolatu da eta Emilio R. Cascajosak moderatuko du. Fancineren ekarpena osatzeko, Pedrita Parker ilustratzaileak “Dibuja tu propio camino” masterclassa emango du, eta Extremadurako Unibertsitateko katedradun eta Eboluzio Artifizialeko Taldeko zuzendari Francisco Fernández de la Vegak saio bat eskainiko du gizakien eta makinen arteko interakzioari buruz, artearen eta musikaren sormena optimizatzeko. Eta, ohi bezala, musikak ere bere lekua izango du Noviembre Fantasman, zinemaldiko soinu-banden ohiko kontzertuarekin; Malagako zinemaldian irrikaz esperotako hitzorduetako bat.
Noviembre Fantasmari buruz
Noviembre Fantasma 2020an sortu zen, pandemiaren murrizketek markatutako testuinguruan, generoko zinemaldien arteko kolaborazioa estutzeko eta antolatzen dituzten jardueretako batzuek beren egoitzetatik askoz harago eraman ahal izateko formula gisa. Ezohiko egoera bati emandako erantzun gisa hasi zenak irauteko bokazioa hartu du, eta espazio komun bat eraiki du fantasiazko eta beldurrezko generoa hedatzeko, publiko berriak sortzeko eta edukien bizitza zinemaldi bakoitza egiten den egunetatik harago luzatzeko. Curtas sartzeak etapa berri bat irekitzen du sare honentzat, zabaldu egiten baitu bere presentzia lurraldean eta identitate propioak dituzten zinemaldien arteko trukea indartzen du, betiere generoko zinemaren aniztasuna eta beste hizkuntza, formatu eta diziplina batzuekin hitz egiteko duen ahalmena aldarrikatzeko borondate berari eutsita.
