Hizkuntzak
Hainbat jarduera Malandain Ballet Biarritzen "Urtaroak" obraren inguruan
Thierry Malandain koreografoaren Malandain Ballet Biarritz konpainiak Urtaroak, bere azken sorkuntza, ekarriko du maiatzaren 24an Victoria Eugenia Antzokian (maiatzaren 24-26 bitartean izango dira emanaldiak). Estreinaldiaren inguruan hainbat jarduera antolatu dira.
Maiatzaren 23an, 19:00etan, entsegu irekia izango da ikusleei Malandain Ballet Biarritzen azken lana ezagutarazteko. Topaketa honetan konpainiak dantza sorkuntza berriaren zenbait zati aurketuko ditu, eta ondoren, ikusleek koreografo eta dantzariekin solasaldia egiteko aukera izango dute.
Maiatzaren 22an eta 25ean, Malandain Ballet Biarritzeko Maddi Gaztelumendik bi tailer eskainiko ditu Urtaroak sorkuntzaren zati baten inguruan (izen emateko derrigorrezkoa da Urtaroak ikuskizunerako sarrera bat izatea eta ikastarorako izen ematea). Dantzan esperientziarik ez duten helduei zuzenduta, diziplina honen oinarrietako batzuk aztertzea du helburu tailerrak, hala nola, gorputzaren kontzientzia, espazioaren bilakaera eta musikaren eta erritmoaren arteko harremana.
Azkenik, maiatzaren 25ean, egun horretako ikuskizuna bukatzean, Thierry Malandain koreografoak laneri buruzko xehetasunak aztertu eta ezagutaraziko dizkie bertaratuei antzokiko Club Aretoan. Topaketan Andoni Mutiloa ariko da gidari lanetan.
Urtaroak ikusteko sarrerak eskuragarri daude Victoria Eugenia eta Antzoki Zaharreko leihatiletan, baita donostiakultura.eus/sarrerak webgunean ere.