Web mapa
Hizkuntzak

San Telmo Museoak, Museo del Traje. Centro de Investigación del Patrimonio Etnológico-rekin batera, Lorategi bat soinean erakusketa antolatu du, Gema Batanerok komisariatuta. Erakusketa 2024an izan zen Madrilen ikusgai, eta oraingoan, egoitza berrian, San Telmoko bildumaren funtsak ere barne ditu -garaiko janzkera bilduma interesgarria du San Telmok-. 2025eko ekainaren 7tik irailaren 28ra arte egongo da ikusgai. 

Lorategi bat soinean erakusketaren areto  bat
Iker Azurmendi

Erakusketak Barrokoaren eta Ilustrazioaren artean ehungintzan sortu ziren lore motiboen bilakaera aztertzen du, batez ere, Museo del Trajeren (76 pieza) eta San Telmo Museoaren (23 pieza) bildumen bitartez. Garai hartan gizakiak mundu naturalarekin zuen harremanean gertatzen ari ziren aldaketa sakonen isla bihurtu ziren irudikapen horiek, baita ideia artistiko, zientifiko eta filosofiko berrien eferbeszentziarena ere.

Erakusketan 140 pieza inguru daude, eta horien muina Museo del Trajeko eta San Telmo Museoko jantzien eta ehunen bilduma historikoek osatzen dute, beste erakunde batzuetako dokumentu eta bibliografia, pintura, zeramika eta dekorazio arteetako funtsekin batera. 

Azalpen diskurtsoa ikuspegi kronologikotik planteatuta dago, eta lore motiboen bilakaera garatzen du, hainbat estilo edo eraginen bidez. Hala ere, ibilbide lineal horretan zeharkako gai batzuk ere sartzen dira, hala nola diseinatzaileen prestakuntza, ehungintzako hainbat teknikaren garapena, botanikan eta zientzian egindako aurrerapenak, eta naturaren inguruko XVIII. mendeko iruditeriak.

Bisita gidatuak eta jarduerak

Ohi bezala museoak bisita gidatuak eskainiko ditu eta erakusketarekin lotutako programazioa antolatu ditu edukietan sakontzeko, besteak beste, komisarioaren hitzaldia.