Web mapa
Hizkuntzak

Cristina Enea Fundazioarekin elkarlanean, Donostia Kulturak hiri baratze ekimena abiatu du Loiola Kultur Etxeko patioan.

Hiri baratzea Loiolan

Proiektu hau Cristina Enea Fundazioak eta Donostia Kulturak duela urte batzuk martxan duten EtxEKOlanda ekimenaren testuinguruan jaiotzen bada ere, baditu bere berezitasunak. Lehen fase batean buru osasuneko arazoa duten AGIFES elkarteko eta +55 programako erabiltzaileen artean osatu den talde baten harremanerako espazioa izango baita.

Talde misto honen lehen saioa, pasa den martxoaren 5ean izan zen, lehen urratsa laborantza mahaien muntaketari eta instalazioari ekitea izan zelarik. Bost laborantza mahai eraiki zituzten elkarlanean, bai eta lehen lur zakuak bota eta letxuga kimu eta azenario haziak lurperatu ere.

Topaketak bizpahiru astean behin izango dira, ereintza erritmoari jarraituz, eta bien bitartean, espazioaren zaintzaz arduratuko den brigada bat ere antolatu da.

Hainbat ikerketaren arabera, halako baratze terapeutikoen onurak ugariak dira. Gertaera estresagarri baten ondoren, naturaren irudiek efektu lasaigarri bat eragin dezaketela frogatu da. Egoera naturalak ikusi eta lehen hiruzpalau minutuetan, odol-presioa, arnasketa, garuneko jarduera eta aldartea hobetzen ditu, estresarekin askatzen diren hormonak murriztuz.

Uztaila bitartean luzatuko den esperientzia pilotu honen ondoren, parte-hartzaileek egindako bidearen balorazioa egin eta etorkizuneko plana diseinatuko dute.

Martxoaren 5eko lehen saioaren bideoa duzue hemen ikusgai.