Web mapa
Hizkuntzak

Irailaren 11n abiatuko dira Donostia Kulturako liburutegi eta kultur etxeetan helduentzako antolatzen diren literatur solasaldiak. Beti ere aditu baten gidaritzapean, normalean hilean behin, hainbat doako saio egiten da Liburutegi Nagusian eta Aiete, Egia, Ernest Lluch (Amara), Intxaurrondo, Lugaritz (Antigua), Okendo (Gros) eta Tomasene (Altza) kultur etxeetako liburutegietan, baita auzoetako beste leku batzuetan ere. Liburu horiek maileguan eska daitezke Donostiako liburutegietan, eta zenbait kasutan liburuak eLiburutegia plataformatik deskargatzeko aukera egon daiteke.

Literatur solasaldiak

Liburutegi Nagusiko San Jeronimo kaleko aretoan lau solasaldi daude: euskaraz, gaztelaniaz, ingelesez eta frantsesez. Euskarazkoaren dinamizatzailea Iñigo Aranbarri da, irailaren 12an izango da lehenengo saioa eta Joseba Sarrionandiaren Lagun izoztua irakurriko dute. Gaztelerazko lehenengoa, Amaia Garciak gidatzen duena, irailaren 26an izango da, eta aukeratutako liburua, Rosa Candida, Auður Ava Ólafsdóttir-ena. Urritik aurrera, Ylenia Benitok hartuko du Amaia Garciaren lekukoa. Ingelesezko tertulia, Slawka Graboskak dinamizatzen du, eta Salman Rushdie-ren Victory City irakurriko dute. Frantsesezko solasaldia urrian hasiko da. Miren Garmendiak gidatzen du, eta udazkeneko lehenengo liburua Molière-n L'École des femmes izango da. Solasaldi hauek guztiak 19:00etan dira hastekoak.

Aiete Kultur Etxean literatura eta zinemaren arteko lotura lantzen dute Lola Arrietarekin. Urriaren 5ean, 18:30ean, Pascal Quignard-en Las escaleras de Chambord izango dute mintzagai.

Casares-Tomasene (Altza) Kultur Etxean, eta Ana Merinoren eskutik, gaztelerazko tertulia abiatuko da irailaren 27an, 18:00etan. Lehenengo liburua sorpresa izango da, eta, beraz etxekolanik egin gabe ahal da bertaratu, bertan irakurriko baita.

Egia Kultur Etxean, irailaren 27an, Edu Zabalaren gidaritzapean, Eneko Bidegainen Bichta éder liburuari buruz arituko dira. Zientza fikziozko gaztelerazko tertulia urrian hasiko da, Joyce Carol Oates idazlearen Riesgos de los viajes en el tiempo liburuarekin. Orain arte Juan Luis Diazek gidatu izan du solasaldia, baina gidari berria izango dugu azarotik aurrera: Liss Evermore.

Amarako Ernest Lluch Kultur Etxean, Javier Minak gidatzen ditu gaztelerazko tertuliak. Irailaren 26n, 18:30ean, izango da lehenengoa: Ibon Martin idazlea bertan egongo da eta El ladrón de rostros liburuaren inguruan arituko dira. Euskarazko solasaldiak Ikasbide Kultur Elkartearen ekimenez (Isabel II.a 15 b) gauzatzen dira, 19:00etan, Edu Zabalak dinamizatuta. Eneko Bidegain idazlearen Bichta éder liburuaren inguruan arituko dira urriaren 2an.

Martutenen ere, Etxarriene Auzo Etxean, Juan Luis Zabalak gidatutako euskarazko solasaldia izango da urriaren 23an, 18:30ean. Oihane Amantegi idazlearen Cayo Hueso liburuaz hitz egingo dute.

Intxaurrondo Kultur Etxean komiki solasaldiak antolatzen dira. Juan Manuel Díaz de Guereñurekin gazteleraz eta Igor Leturiarekin euskaraz. Urriaren 10ean izango da lehen saioa, eta Zerocalcare-ren Esqueletos landuko da. Ikasturtean zehar egingo diren saioak hemen dituzue: 2023-2024 ikasturteko komiki saioak (pdf). Bestalde, Plazara goaz euskara batzordeari esker, azaroaren 9an, Eraikuntzarako materiala, Eider Rodriguezen liburuari buruz arituko dira Iratxe Retolazarekin. Saio guztiak 19:00etan hasiko dira.

Antiguako Lugaritz Kultur Etxean aldaketak egon dira. Astelehen bat, liburu bat izeneko euskarazko solasaldiaren denboraldia urriaren 16an hasiko da, Juan Kruz Igerabideren Ura saltoka liburuarekin. Gidatzaile berria Aritz Gorrotxategi izango da.

Groseko Okendo Kultur Etxeko euskarazko saioak urriaren 2an hasiko dira, 18:00etan. Ane Mayozek gidatuko ditu, eta Maialen Díaz Urrizaren Herri hura izango da jorratuko duten lehenengo liburua. Kontakizun laburren solasaldiak, bere aldetik, irailaren 27an hasiko dira, eguerdiko 12:00etan, Ana Merinoren gidaritzapean, gazteleraz. Tomasenen bezala, saioko liburua sorpresa izango da.

Horiek guztiak solasaldien lehenengo saioak dira. Ondoren, partekatzeko beste proposamen ugari egongo dira kurtsoan zehar eta literatur solasaldiak loturan agertarazten joango gara datozen hilabeteetan.