Web mapa
Hizkuntzak

Astelehenean hasitako jaialdia laugarren egunera heldu da. Jésus Carrasco, Virginia Feito eta María Oruña Gros, Amara eta Altza auzoetan izan dira zinemara egokitutako euren lanetaz hitz egiteko.

Carrasco_Okendo

Besteak beste, Pello Lizarralde ere Beñat Sarasolarekin aritu da Sastraka-Maleza obra koralari buruz eta musika ere izan da Jon Obeso poetak Joserra Senperenarekin eta Iban Zaldua idazleak Micerekin egindako kolaborazioei esker.

Gaur, osteguna, bi ekitaldi nabarmentzen dira. Batetik, Liburutegi Nagusiko San Jeronimo aretoan, 19:00etan, Toure detektibearen liburuen saga eta telesail baterako egokitzapenaz arituko dira Jon Arretxe eta Carlos Vila Uxue Razquinekin. Bestetik, Intxaurrondo K.E.n, Odol tinta – Banpiroari omenaldia erakusketa dela eta, Borja Crespo erakusketaren komisarioak eta Josune Urrutia ilustratzaile parte-hartzaileak bisita gidatua egingo dute 18:30ean. Jarraian Ghost Number taldearen kontzertu labur bat eta erakusketari buruzko solasaldia izango dira.

Asteburua

Bihar Literaktumek ongietorria egingo dio asteburuari edizio honetako gonbidatu nabarmenetako batekin, Eduardo Mendozarekin. Olga Granderekin arituko da solasean eta hitzordua ostiraleko 19:00etan izango da Antigua auzoko Lugaritz K.E.n. Gonbidapenak ekitaldiaren egunean bertan jaso ahal izango dira, 11:30etik aurrera esteka honetan eta Victoria Eugenia Antzokiko eta Antzoki Zaharreko leihatiletan. Lugaritz K.E.ko leihatila jarduera hasi baino ordubete lehenago irekiko da.

Ostiralean ere, Etxepare Euskal Institutuaren eskutik, Itzultzaile ibiltariak ekitaldia egingo da Okendo K.E.n. Itxaro Borda, Ainara Maya eta Leire Martínez de Marigorta itzultzaileek eta Mireia Callafell eta Miren Agur Meabe idazleek, Aiora Jaka moderatzaile dutela, hizkuntza bitartekorik gabeko itzulpenaren garrantziaz eta itzultzaileen eta idazten dutenen arteko harremanaz eztabaidatuko dute. Protagonisten eskutik entzungo dira jatorrizko poemak eta haien itzulpenak, Alex Haroren musikak lagunduta.

Larunbatean, sarrerak agortuak dituen Donostia Hiria Kutxa Literatur Sarien 56. edizioko sari banaketa ekitaldia izango da. Igandean, La lluvia amarilla antzezlana eskainiko da Lugaritz K.E.n, Julio Llamazaresen izen bereko eleberrian oinarritutako bakarrizketa. Literaktum Txikiak, bestalde, haur eta familientzako programazioarekin jarraitzen du. Azkenik, aurreratu datorren asteari ere indarrez emango zaiola hasiera, besteak beste, astelehenean Kutxa Kultur Klubean Isaac Rosa hartuko dutelako eta asteartean, Amaran Héctor Abad .