Hizkuntzak
Herri musika tresnen artisauak, aurtengo Atzokoak gaur programaren ardatza
San Telmo Museoak antolatzen duen Atzokoak gaur. Lanbide tradizionalak egitasmoak herri musika tresnen artisautza izango du ardatz aurten. Ofizioa ezagutarazi eta musika-tresnen biziraupenean eta garapenean egindako ekarpenak erakutsiko ditu, baita tresna horien eraikuntza prozesuak ere.

Programak musika-tresna ezberdinetan eta horien egileetan jarriko du fokua: txistua, xirula, alboka, dultzaina, txalaparta eta perkusio instrumentuak. Gaurtik ekainaren 19ra arte Atzokoak gaur: Herri musikaren artisauak erakusketa izango da Laborategia aretoan, doako sarrerarekin.
Laborategiko erakusketaz gain, Aste Santuko oporraldian, apirilaren 11tik 27ra, klaustroan erakusketaren lagin bat egongo da baita artisau hauen tailer baten errepresentazio bat ere, hainbat lanabes eta piezarekin. Hain zuzen, bertan artisauek erakustaldiak egingo dituzte. Klaustrorako sarrera museoko sarrera orokorrarekin izago da.
Jarduerak
Musika tresna hauen fabrikazioa erakusteko eta herri-musika tresnen bilakaera ezagutzeko hainbat jarduera antolatu ditu museoak: artisauen erakustaldiak, kontzertuak, mahai-ingurua, familientzako tailerrak eta haurrentzako jarduerak. Gehienak Aste Santuko oporraldian izango dira. Erakusketa eta egitaraua Soinuenearen eta artisauen lankidetzarekin prestatu dira.
Atzokoak gaur programa
Programa hau 2018an hasi zen, eta aurreko edizioetan lihoa, artzaintza, gaztaren elaborazioa, saskigintza eta txokolategintza izan dira gai nagusiak. Proiektuak hainbat lanbide ezagutzen eta zabaltzen lagundu nahi du: teknikak eta lan egiteko moduak, erabilgarritasuna, lotutako ohiturak, horiek garatu dituzten pertsonak. Erakusketa iraunkorrarekin lotura izaten du beti, eta Aste Santuko oporretarako programazio espezifiko gisa proposatzen da.