Web mapa
Hizkuntzak

Donostia Kulturak Glad is the Day jaialdiaren zazpigarren edizioa antolatu du abuztuaren 27an. Hileko azken igandean Cristina Enea parkea musikaz beteko da berriro ere. Egia Kultur Etxeak, Dabadabak eta Le Bukowskik koordinatua, Keler garagardoaren babesa eta Kutxa Kultur Fundazioaren eta Tabakaleraren laguntza du.

2022ko Glad Is The Day jaialdiko irudi bat
Josu de la Calle

Abuztuaren 27an eta doako sarrerarekin, besteak beste, 16 banda eta artistak hartuko du parte musika maratoi honetan. Kontzertuak, DJen saioak, piknik-ak, azoka bat eta haurrentzako jarduerak izango dira 11:30ean hasi eta 20:30ean amaituko den musika jardunaldiaren egitarauan.

Berrikuntza nagusitzat, edizio honetan jaialdiaren aurretik bi musika hitzordu antolatu dira.

  • Abuztuaren 6an, 20:00etan, Gladis Hautaketa ordainpeko kontzertu bikoitza antolatu du Dabadabak. Peces Raros argentinarrak eta Kiwi Junior kanadarrak izango dira bertan eta sarrerak salgai daude aretoaren webgunean.
  • Abuztuaren 26ko 19:00etan, jaialdiaren bezperan, Gladis Aperitif izenpean Muare bikotea eta Ines Dj arituko dira Tabakalera kanpoaldeko Nestor Basterretxea plazan. Biak tokiko artistak izatez gain, Musikagela zerbitzuaren erabiltzaileak dira.

Musika programa abuztuaren 27an

Glad is the Dayk musika aniztasuna maite du eta Cristina Enea hainbat jatorriko talde eta artistez beteko da.

Agertoki Nagusitik igaroko diren bandak 6 dira eta eskaintza koloretsua bezain jostagarria osatzen dute: La Ola Maldita donostiarren surf rocka, Kulto Kultibo irundarren rap/reggaea, Nakarren postpunk elektronikoa, Las Ligas Menores argentinarren pop indiea, Tito Ramirezen doinu beroak eta Señor Noren punk rocka. Bazkalorduaren tartean, eguzkiak gogorren jotzen duenean, Josu Bukowski eta Dj Otaloraren musika aukeraketak girotuko du piknika.

Hip-hopari eta soinu urbanoei lotutako 8 emanaldik dantzan jarriko dute Hondamen Sonikoa gunea: Suso (Dj), Euskoprincess (Live), Alai (Live), Yxeb3000 (Dj), Kievra (Live), Mutiko, Denso & Tatta (Live), Gazzi (Dj) eta Yugen Kala (Djak) izango dira gazteenak liluratzen dituzten soinu globalen ordezkariak. Gaua iristean eta asteburua luzatu nahi dutenentzat, Le Bukowski eta Dabadaban DJ gehiago egongo dira abesti onenak aukeratzen.

Azoka Dabadabaren bidez kudeatuko da eta hainbat denda bilduko dituzten 50 postu izango ditu. Hala nola, vintage dendak edo tokiko talentuen sorkuntzak, besteak beste, Kutxa Kultur Modako Neela, Haizea Arranz Nerea, Lurgain eta Nahia Salaberria.