Hizkuntzak
'Emakume zientzialarien argitan' zikloa udazkenean
Elhuyarrek eta Donostia Kulturak antolatutako solasaldi-zikloaren hiru saio egingo dira udazkenean: urriaren 6an (Miren Berasategi Zeberio), azaroaren 3an (Garbiñe Elizegi Nabarte) eta abenduaren 1ean (Estitxu Villamor Lomas). Saioak euskaraz izango dira, 19:00etan, Ernest Lluch Kultur Etxeko areto nagusian.
Egitasmo honek emakume zientzialariak ezagutzera ematea du helburu. Izan ere, zientziaren eta teknologiaren historian emakumeen ekarpenak ezkutuan geratu dira, eta gaur egun ere nabarmena da emakumeen kontrako diskriminazioa arlo horretan. Aurrez aurreko elkarrizketen bidez, hainbat arlotan lan egiten duten hiru emakume zientzialari ezagutzeko aukera izango da. Elkarrizketatzailea Ana Galarraga Aiestaran Elhuyarreko zientzia-komunikatzailea izango da. Horrez gain, "bi kulturen" estereotipoa gainditzeko (zientziak eta humanitateak), haien liburu gogokoenak ere gomendatuko dituzte.
- Lehenengo solasaldia urriaren 6an izango da. Miren Berasategi Komunikazioan doktoreak adimen artifizialaren inguruko ikerketak ezin hobe ezagutzen ditu, eta solasaldiaren izenburua honako hau izango da: Adimen artifiziala auzitan.
- Garbiñe Elizegi Erizaintzan doktorea izango da bigarren elkarrizketatua. Gaur egun erizain gisa ari da Lesakako Osasun Zentroan, eta azaroaren 3an Emakume eta genero ez-normatibo euskaldunak osasungintzan izenburupean solastuko da.
- Trantsizio energetikoaz hausnartzen izango da urteko azken solasaldia Estitxu Villamor fisikariaren eskutik, azaroaren 1ean.
Solasaldien audioak Donostia Kultura Irratiko podcastetan eta Elhuyarren zientzia.eus webgunean ere entzun ahalko dira.
