Web mapa
Hizkuntzak

Donostia Kulturaren plataforma digital berria erakundearen komunikazio-estrategiaren baliabide nagusia da, eta, askotariko publikoen bitartez, herritarrei kultura gerturatzea du helburu. Hain zuzen, estrategia horrekin bat datorren komunikazio trinko eta koherentea eskaintzeko sortu da plataforma.

Donostia Kultura: webgune berria

Diseinuaz eta irudiaz haratago (mobile first, etab...), plataformaren bidez, herritarrek hobeto jaso ahal izango dute Donostia Kulturaren eduki digital aberatsa, baina, batez ere, kultur zerbitzu nagusien arteko harremanetan nabarituko da hobekuntza (besteak beste, “ticketing”, DK bazkideei zuzendutako arreta, ikastaroen kudeaketa eta liburutegietako katalogoen kontsulta).

Azpimarratzekoak dira Linkbuilding (informazio-arkitektura) arloan egindako lanak, bai eta nabigazio-ereduetan eskainitako hobekuntzak ere. Batetik, DK ekosistema osoa (10 webgune baino gehiago) DK agenda berri eta indartu baten abantailak partekatzen ditu, zeina, bide batez, donostiarrek gehien eskatzen duten zerbitzua baita. Eta, beste alde batetik, Donostia Kultura aterkiaren azpian dauden hamahiru markek autonomia eta ikusgarritasun digital handiagoa izango dute hemendik aurrera.

Horrez gain, gomendio askoz ere pertsonalizatuagoak eskaintzen dituen webgune proaktiboa izango da. Hain zuzen, webgunean nabigatzean edo Donostia Kulturarekin duten interakzioan izandako portaeraren arabera egingo dira gomendio horiek. Hemendik gutxira, interakzio horiek sustatzeko tresna berriak agertuko dira webgunean.

Izan ere, datozen asteetan, funtzionalitate praktiko berriak nahiz marketin arlokoak inplementatuko dira (gogokoenak, ohar automatikoak, gomendio pertsonalizatuak, merchandising-a… ), eta, gainera, prozesu horretan laguntzen ari zaizkigun erabiltzaileen iritziak ere jasoko ditugu.

Edonola ere, eduki erakargarria bermatzean dago gakoa, Donostia Kulturak urte osoan zehar eskaintzen duen programazioa eta zerbitzu guztiak bilduz.

Hona hemen adibide bat: Donostiako liburutegien kasuan, Donostiako Liburutegien Sarea osatzen dute 13 guneetako bakoitzari benetan duen pisua eman zaio, liburutegi horiek dauden kultur-etxeen barruan nahiz haietatik kanpo. Hala, esaterako, orain, liburutegi bakoitzak bere literatur gomendioak egiten ditu. Horretarako, ahalik gehien indartu da liburutegietako katalogorako sarbidea −liburuen eta ikus-entzunezko materialen bilaketak errazago eginez−, hori baita donostiarrek gehien eskatzen duten zerbitzuetako bat.

Adimedia enpresa gipuzkoarrarekin garatutako plataforma berriak hobekuntza nabarmena bermatzen du erabiltzailearen esperientzian, azkartasunaren, erabilgarritasunaren, irisgarritasunaren nahiz gardentasunaren ikuspegitik. Eta horretarako, kontuan hartu dira Donostia Kulturaren Komunikazio Digitalerako Estrategiaren hiru oinarriak: web-ingurune berri bat, erabiltzaileen beharrei arreta berezia jartzea eta kultura digitalaren pisua handitzea.