Web mapa
Hizkuntzak

Urriaren 13 eta 14 bitartean, Donostiak Fingal konderri irlandarreko eta Tampere hiri finlandiarreko ordezkariak hartu ditu, zerbitzu komunitarioei buruzko Europako City2City Exchange Program egitasmoaren barruan.

City2City

Fingal konderria Dublingo iparraldean dago, 18 udalerri biltzen ditu eta Europako Batzordearen babesa duen programa honen bultzatzailea izan da. City2City Exchange Program egitasmoaren helburu nagusia zerbitzu komunitarioen ereduak aztertzea, ezagutzea eta esperientziak elkarbanatzea da.

Irlandan biztanleria-hazkunde handiena duen lurraldea da Fingal, eta zerbitzu komunitarioen sare zabala du. Egun, beren eredua Europako beste esperientzia batzuekin alderatzeko eta aztertzeko prozesuan daude. Testuinguru horretan, eta Donostiako kultur etxeen nahiz udal liburutegien sarea ezagututa, gonbidapena luzatu zieten Donostia Kulturari eta Finlandiako Tampere hiriari.

Sei hilabeteko iraupena duen proiektu honek laneko bi bilera egin ditu dagoeneko: maiatzean lehenengoa Fingalen, eta abuztuaren amaieran bigarrena Tamperen. Donostiakoa azken bilera izango da, eta bertan aterako dituzte hiru ereduen analisiaren ondorioak; izan ere, hiru ereduek antzekotasunak dituzte, baina baita desberdintasun nabarmenak ere.

Donostiaren kasuan, kultur etxeen eta liburutegien sarea bertatik bertara ezagutzea da helburu nagusia, Fingal eta Tampereren ikuspegi komunitariora oso gerturatzen den eredua baita. Halaber, bisitan zehar Udaleko beste sail batzuen azalpenak ere jasoko dituzte (Donostia Kirola, Gizarte Ekintza, Sostengua/Mugikortasuna edo Herritarren Parte-hartze eta Arreta Zerbitzua), Donostiako Udalaren politika komunitarioaren inguruko informazio osoa izateko.Udal arduradunen azalpen eta aurkezpenez gain, bilerako parte-hartzaileek hiriko hainbat ekipamendu bisitatuko dituzte in situ. Fingal eta Tampereren zerbitzu komunitarioko eredua, bakoitzaren nuanze eta desberdintasunekin, kultura-, kirol- eta gizarte-zerbitzuek zein gazteria zerbitzuek bat egiten duten ekipamenduetan gauzatzen da orokorrean.