Hizkuntzak
San Telmo Museoak "Barreiatutako paisaiak" erakusketa aurkeztu du
Gerardo D’Abrairaren industria-marrazkiak martxoaren 10etik irailaren 6ra egongo dira ikusgai museoko erakusketa iraunkorreko Industria, aldaketaren eragile atalean. Javier González de Duranak egin ditu komisario lanak. Balmasedako La Encartada Fabrika-Museoan 2024an ikusgai izandako erakusketa abiapuntu hartuta, Gipuzkoako instalazio industrialetarako marrazki panoramikoetan zentratzen da nagusiki.
Barreiatutako paisaiak. Gerardo D’Abrairaren industria-marrazkiak erakusketak orain arte ia ezezaguna zen Gerardo D'Abraira euskal marrazkigilearen (Begoña, 1904 – Getxo, 1964) obraren zati bat erakusten du. XX. mendeko 40, 50 eta 60ko hamarkadetan Euskal Herriko industriaren indarra bisualki azaltzen aritu zen, paperezko euskarri handien gainean tintaz, akuarelaz eta gouachez egindako airetiko bista ikusgarrien bidez.
La Encartada Fabrika-Museoak osatutako katalogoa berrargitaratzeaz gain, Gipuzkoako fabriken marrazkiak biltzen dituen liburuxka ere osatu du San Telmo Museoak: Ikusizko komunikazioaren gertakari ahaztua Gipuzkoako industrian. Besteak beste, Eibarko Alfa eta Garate & Anitua, Legazpiko Bellota, Tolosako Boinas Elósegui edota Arrasateko Ulgorreko marrazkiak jasotzen dira erakusketan zein liburuxkan.
Galduta edo gordeta egon daitezkeen D’Abrairaren lanak argitara ateratzeko abiapuntua ere izan nahi du erakusketa honek. Izan ere, jakina da, oraingoz topatu ezin izan diren marrazki askoz gehiago egin zituela. Industriaren gainbeherako urteetan zenbait marrazki suntsitu izango ziren bezala, oso litekeena da batzuk biltegi edo ganbaretan kontserbatu izana eta, hortaz, erakusketa honek marrazki horiek identifikatzen eta argitara ateratzen lagundu nahi luke.
Jarduerak eta bisita gidatuak
Erakusketari lotutako bisita gidatuak eta zenbait jarduera antolatu ditu museoak.
