Web mapa
Hizkuntzak

Gaur erakusketa berria aurkeztu du San Telmo Museoak: Amable Arias banbalinetan. Mikel Lertxundi Galiana komisario duela, erakusketak artistak 1955 eta 1959 artean egindako Antzoki Zaharra marrazki eta akuarela seriea aurkezten du. Urte haietan bere amari laguntzen zion Donostiako antzokiko jantzizaindegian eta unibertso hura ezagutzeko multzo bikaina osatzen du. Erakusketa museoko Laborategian egongo da maiatzaren 28ra arte, doako sarrerarekin.

Amable Arias banbalinetan erakusketako piezak

Antzoki Zaharra saila —Maru Rizok 2022an San Telmo Museoari dohaintzan emanafundazionaltzat har daiteke Amable Ariasen obran. Akuarela eta marrazki sorta horretan, hastapenetakoa oraindik, behatzeko ahalmen aparta garatu zuen artistak, ingurune ezohiko batean garatu ere: joan den mendeko berrogeita hamarreko hamarkadako antzerki ibiltariaren esparruan, hain zuzen. Saileko obrez gain, garaiko argazki eta ikus-entzunezko bat ere ikus daiteke erakusketan.

Amable 1948 inguruan, pinturako eskolak hartzen hasi zen Ascensio Martiarena maisuarekin; hark gomendatu zion, hain zuzen ere, ikusten zuen guztia bere koadernoetan adieraztea, marrazki eta akuarela bidez. 1951n, Amableren amak Antzoki Zaharreko arropazaindegiaren ardura hartu zuenenean, programazio heterogenoa eskaintzen zuen antzokiak, non emakumea zen izar nagusia. Honek mundu femenino bat ezagutzeko aukera eman zion Amableri.