Web mapa
Hizkuntzak

Bost emanaldi eskainiko dira Altza, Loiola, Gros, Ibaeta eta Amarako elizetan.

La pura fuente choir

Donostia Kulturak, Tolosako Ekinbide Etxearekin elkarlanean, Abesbatzen Astea 2023 antolatu du beste urte batez, Tolosako Abesbatzen Lehiaketa ospatzen den bitartean. Aurten ere, Donostian bost emanaldi eskainiko dira, doan, urriaren 31tik azaroaren 6ra, Altzan, Loiolan, Grosen, Ibaetan eta Amaran, donostiarren artean musika korala sustatzeko helburuarekin.

Parte hartuko duten talde koralen aniztasuna eta aberastasuna dira Abesbatzen Aste honen ezaugarriak. Aurten bost talde bokalek parte hartuko dute kontzertuetan eta euren programetan musika erlijiosoa zein herri-musika eskainiko dute. Bost taldeok Filipinak, Erresuma Batua, Suedia, Korea eta Japondik datoz.

Auzoetan dauden elizetan izango dira kontzertu hauek, auzo horietan kokatzen diren kultur etxeetatik kanpo. Horrela, gune zabalago hauetan musika koral zale gehiago elkartzeko eta eskaintza bera ere hedatzeko aukera ezin hobea izango da.

Honako hau da 2023ko Abesbatzen astearen programazioa:

  • Urriaren 31n 20:00etan, asteartea, Ibaetako Espiritu Santuaren parrokian: Male Ensemble Philippines (Filipinak).
  • Azaroaren 2an 20:00etan, osteguna, Loiolako Jesusen bihotza parrokian: Phoenix Consort (Erresuma Batua).
  • Azaroaren 3an 20:00etan, ostirala, Altzako San Martzial parrokian: Palaestra Vokalensemble (Suedia)
  • Azaroaren 4an, 20:15ean, larunbata, Amarako Karmeliten elizan: Seongdong-Gu Women’s Choir (Korea)
  • Azaroaren 6an  20:00etan, astelehena, Groseko San Ignazio parrokian: La Pura Fuente Choir (Japonia)