Web mapa
Hizkuntzak

Aurten ere bost egun iraungo du emakume musikariei ahotsa eta plaza emateko 2019an Donostia Kulturak abiatu zuen eta iaz egun bakarreko emanaldi izatetik bost kontzertuko egitarau izatera jauzi egin zuen Gure Ahotsak kontzertu zikloak. Hala, martxoaren 2tik 7ra emakumezko musikarien lau kontzertu izango dira Victoria Eugenia Antzokiko eta Antzoki Zaharreko oholtzetan: Neomak, Merina Gris, Laura Sam y Juan Escribano eta Queralt Lahoz. Idoia Asurmendik martxoaren 1ean eman behar zuen zuzenekoa maiatzaren 19ra atzeratu da, De amar y desandar disko berriaren argitalpen dataren aldaketa dela-eta. 

2024ko Gure ahotsak zikloaren kartela
© Raisa Álava

Sarrerak abenduaren 13an jarriko dira salgai, goizeko 11:30ean, Victoria Eugenia eta Antzoki Zaharreko leihatiletan eta donostiakultura.eus/sarrerak webgunean. Eskaintza berezi bat ere izango da, eta zikloko hiru kontzertutarako edo gehiagorako sarrerak erosten dituztenek % 10eko deskontua izango dute eta Donostia Kulturako bazkideentzako ohiko % 10eko deskontuarekin bateragarria izango da.

Ekimena iragartzeko kartela Raisa Álava ilustratzaile eta artistak egin du aurtengoan. Bost petalodun lore koloretsu eta bizia ondu du Álavak, zikloan parte hartuko den emakumezkoen talde eta bakarlariez osatua.

Egitaraua

Idoia (Atzeratua: Victoria Eugenia Antzokia, maiatzak 19)

Neomak (Victoria Eugenia Antzokia, martxoak 2)

Merina Gris (Antzoki Zaharra, martxoak 3)

Laura Sam y Juan Escribano (Victoria Eugenia Club, martxoak 6)

Queralt Lahoz (Victoria Eugenia Antzokia, martxoak 7)

Emakumeen sormenari bide emateaz gain, musikari hasiberriak eta eskarmentudunak oholtza gainean elkartzea du xede Emakumearen Nazioarteko Egunaren bueltan antolatzen den zikloak. Artista zerrenda luzea igaro da Gure Ahotsak-eko oholtzatik: Sara Mansilla, Olatz Salvador, Elena Setién, Izaro, Ainhoa Larrañaga, Sara Zozaya, Maren, Belako, La Basu, Niña Coyote eta Chico Tornado, Ainara Legardon, Miren, Verde Prato, Eneritz Furyak, Natalia Lacunza, Maite Larburu...