Web mapa
Hizkuntzak

Aiete

Kultur Etxea

Poltsiko Antzerkiaren alorrean euskarazko sorkuntzak bultzatzeko XIV. proiektu deialdia jarri da martxan. Proiektuak aurkezteko epea 2023ko uztailaren 3an abiatu eta irailaren 15ean amaituko da. Bi proiektu aukeratuko dira: irabazleak 2.500 euro jasoko ditu; finalistak, berriz, 2.000 euro. Saritutako lanak hurrengo Poltsiko Antzerki Jaialdiaren barruan estreinatzeko eta antzezteko konpromisoa hartuko dute irabazleek eta finalistek (4 emanaldi bakoitzak).

XIV. Antzerki Proiektu Deialdia

Gainera, proiektu irabazleak 3.000 euro jasoko ditu (gordinak eta zergak barne) Poltsiko Antzerki Jaialdian egin beharreko lau emanaldien truke. Finalistak 2.500 euro (gordinak eta zergak barne) jasoko ditu. Era berean, sormen-proiektuak gauzatzeko, kultur etxeek abenduan zehar espazioak utziko dituzte aukeratutako antzezlanak muntatzeko.

Donostia Kultura da antolatzailea, Donostiako Udaleko Euskara Zerbitzua eta Euskal Herriko Antzerkizale Elkartearen laguntzaz.

Poltsiko Antzerkian, eta orokorrean, formatu txikiko antzerkiaren inguruan euskarazko lanen eskaintza urria izan ohi da. Errealitate hori ikusita, alor horretan euskarazko sorkuntzak bultzatzea da ekimen honen lehen helburua.

Bestalde, kulturaren balio katearen barruan (trebakuntza; sorkuntza; ekoizpena eta hedapena zein ikustaldia) orokorrean sorkuntza eta ekoizpenak dira kultur erakundeetan gutxien jorratzen diren arloak. Gauzak honela, kultur balio katearen ibilbide guztia jorratzea da bigarren helburua.

Kontuan hartzekoa da era berean, aurrekoetan bezala, orain aurkezten dugun hamalaugarren deialdi honen xedea ez dela sari soila, koprodukzioa baizik. Izan ere, aukeratutako bi proiektuen sorkuntza eta ekoizpena laguntzeaz gain, deialdi honetan landutako obren estreinaldia egingo da hurrengo Poltsiko Antzerkia Jaialdiaren programazioaren barruan. Hain zuzen ere aukeratutako bi antzezlanetako bakoitzak 4 emanaldi egingo ditu hiriko hainbat tabernatan.

2011n jarri genuen martxan lehen aldiz modu esperimentalean deialdi hau, Euskal Kultur Erakundearekin izandako esperientzien elkartrukearen ondotik. Aurreko hamairu deialdietan, 81tik gora proiektu aurkeztu dira.

Oinarriak, eskabidea eta gainerako informazioa: Poltsiko Antzerkiaren Sorkuntza.