Hizkuntzak
Gonzalo Tejada Cello Project Jazzaren Nazioarteko Eguna
Jazzarekin lotutako proiektu ugaritan baxu elektrikoarekin eta kontrabaxuarekin 30 urtetik gorako ibilbide luzea egin ondoren, Gonzalo Tejada bere sorburura eta bere hastapenetan markatu zuten musiketara bueltatu da Gonzalo Tejada Cello Project proiektu berriarekin.
Proiektuak Tejadaren konposizioak biltzen ditu, besteak beste Luna, 1990ean jazz konposizio onenaren Eusko Jaurlaritzaren Saria jaso zuena, eta Ralph Townerren Celeste, lider gisa kaleratu zuen bere lehen LPan, Eiderjazzen, grabatutako pieza (I.Z., 1982).
Oraingoan, Tejadak, biolontxelo elektrikoan –bere ohiko baxu edo kontrabaxuaren ordez– eta loopez arduratuz, hirukote bat osatzeko bildu ditu beste bi musikari; musika berrietan ibilbide luzea egina duen Ángel Unzu gitarrista, gitarra klasikoan, eta nabarmentzen hasia den Iñar Sastre pianista gazte eta talentu handikoa.
Jazza, klasikoa (Bela Bartok, William Walton), folka, esperimentazio elektronikoa, popa, bossa (João Gilberto)... uztartzen dituen ganbera musika, baina betiere inprobisazioa ardatz hartuta, musika bizi bat ekartzeko, estiloen arteko hesiak hausten dituena. Idatziaren eta inprobisatuaren, berriaren eta klasikoaren, akustikoaren eta elektrikoaren arteko oreka. Proiektu eklektikoa, irekia eta gertukoa era guztietako entzuleentzat.