Hizkuntzak
AEBetako western post-klasikoa eta garaikidea
Euskadiko Filmategiak eta Donostia Kulturak beren argitalpen berria aurkezten dute, AEBetako western post-klasikoa eta garaikidea liburu kolektiboa, Iñigo Marzabalek koordinatua, Nosferatu Bildumako XII. alea.
Iñigo Marzabalek koordinatu du liburua eta bertan, Marzabalez gain, ondokoen testuak biltzen dira: Leire Azkunaga, Ignacio Gastaka, Víctor Iturregui, Iñaki Lazkano, Ainara Miguel Sáez de Urabain, Mikel Peña eta Nekane E. Zubiaur.
Iñigo Marzabalen hitzetan:
Westerna bezalako genero gutxik piztu dute hainbesteko arreta zinema-ikerketetan. Alde batetik, bertan identitate nazional berezi bat gorpuztuko litzatekeelako, alegiazkoa bada ere: Amerikako Estatu Batuena. Bestetik, eta paradoxikoki, generoa osatzen duten filmak natura eta kultura, indarkeria eta legea edo gizabanakoa eta komunitatea bezalako dikotomia unibertsalen inguruan artikulatuko liratekeelako. Hiltzat jotako adina aldiz berpiztua, liburuki hau joan den mendeko 60ko hamarkadatik gaur egunera arte Estatu Batuetan egindako westernaz arduratzen da. Urte haiek, 60ko hamarkada, Estatu Batuetako herriaren "errugabetasunaren galeratzat" jotzearekin batera, westernak ere (ilunabarrekoa, errebisionista edo deitu nahi zaion bezala) mutazio sakonak jasango ditu. Data horretatik aurrera, generoari atxikitako filmak gero eta ilunagoak eta konplexuagoak izango dira, eta zalantzan jarriko dituzte Mendebaldeko Konkistaren Mitoa eratzeko erabilitako tropo eta konbentzio nagusiak: cowboyaren epika maskulinoa, indarkeriaren funtzio zibilizatzailea, mugaren izaera egituratzailea, Bestearen estatusa, emakumea izan edo indiar basatia, beste askoren artean.