Hizkuntzak
Frédéric Chopini eskainitako zikloa jarriko da abian urriaren 7an
2026ko urritik 2027ko ekainera Donostia Musikarekin elkarlanean antolatutako Frédéric Chopin Zikloa izango da Victoria Eugenia Antzokian eta Antzoki Zaharrean.
Datorren ikasturtean Frédéric Chopin musikagile poloniar handia (Żelazowa Wola, 1810 - Paris, 1849) ezagutzeko aukera izango da zikloko 10 kontzertuen bidez. Miguel Ituarte, Szymon Nehring, Alfonso Gómez, Jon Urdapilleta, Marta Zabaleta eta Judith Jáuregi pianistek Victoria Eugenia Antzokian eskainiko dute kontzertua. Sara Perarnaud eta Sofía Huerta gazteen emankizunak Antzoki Zaharrean izango dira. Halaber, Sylwia Salamonska-Baczyk sopranoa Teodora Oprisor pianistaz lagunduta ariko da Victoria Eugenia Club Aretoan eta haurrei zuzendutako kontzertu bat izango da Samuel Arroyoren eskutik.
Victoria Eugenia Antzokia: Miguel Ituarte (urriak 7), Szymon Nehring (azaroak 11), Alfonso Gómez (martxoak 10), Jon Urdapilleta (apirilak 28), Marta Zabaleta (maiatzak 5), Judith Jáuregi (ekainak 9).
Victoria Eugenia Club: Sylwia Salamonska-Baczyk + Teodora Oprisor (urtarrilak 27), Haur kontzertua (otsailak 20).
Antzoki Zaharra: Sara Perarnaud (otsailak 3), Sofía Huerta (otsailak 17).
Donostia Kulturako bazkideek zikloko abonamendua erosteko aurresalmenta berezia izango dute irailaren 10ean
Zikloko Victoria Eugenia Antzokiko areto nagusiko eta Antzoki Zaharreko kontzertuak biltzen dituen abonamendu bat izango da eskuragarri 115 eurotan, irailaren 10etik 16ra, Donostia Kulturaren webgunean eta Victoria Eugenia Antzokiko leihatilan. Hala, abonamendua erosten dutenek liburu bat jasoko dute opari Frédéric Chopinen biografiarekin eta hari buruzko artikuluekin eta Chopin Chopin (2026) filma ikusteko sarrera bat. Kontzertuetarako sarrera solteak, aldiz, irailaren 17an 11:00etan jarriko dira salgai. Aurretik, Donostia Kulturako bazkideek 24 orduz abonamendua erosteko aurresalmenta berezia izango dute eskura (irailaren 10eko 11:30etik irailaren 11ko 11:30era).
